Etzi egingo den Gipuzkoako XXXI. Itzuliak eragina izango du trafikoan eta aparkalekuetan

Anartz Izagirre 2021ko eka. 23a, 14:29

Juniorren probak Azkoitian izango dira etzi, ostirala, eta eragina izango dute ibilgailuen zirkulazioan. 16:00etatik 20:00etara herriko hainbat gunetan moztuta egongo da trafikoa, eta hainbat aparkaleku ere bertan behera geldituko dira.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak eta Jokin Ormaetxea klubak antolatuta, junior mailako Gipuzkoako XXXI. Itzuliko atariko probak Azkoitian egingo dituzte etzi, ostirala, eta proba horiek eragina izango dute herriko trafikoan eta aparkalekuetan. 16:00etatik 20:00etara bitartean izango dira aldaketak, eta trafikoa moztuta egongo da Balda plazatik hasi eta Santa Klara kale pareraino —Ugarteigarango igerilekuetako bidegurutzearen pareraino—. Hori dela eta, eremu horretan aparkatuta dauden autoak edota garajeetan daudenak ezin izango dira mugitu. Horrez gain, ordu tarte horretan trafikoa moztuta egongo da Santa Klara komentuaren atzeko partean ere, Santa Kutz gainaren eta Uxerren artean, hain justu.

Bestalde, Ubaiar, Auzmendi eta Floreagako bizilagunek sarrera-irteerak Auzmendi eta Floreaga aldetik egin beharko dituzte, eta San Jose egoitzara Ugarte ibilbidetik iritsi ahal izango da, Ugarteigarango igerilekuak ezkerraldean utzita; irteerak, berriz, Munategi aldetik egin beharko dira.

Halaber, Urbanue zerbitzuaren ibilbidean ere izango du eragina txirrindularitza probak 16:00etatik 20:00etara bitartean. Aldaketa horiek lotzen ari da udala.

Aparkalekuetan ere eragina

Trafikoan ez ezik, herriko hainbat aparkaleku publikotan ere zenbait aldaketa egongo direla azaldu du erakundeak. Alde batetik, Julio Urkixoko eta Lidl supermerkatu zaharreko aparkalekuak txirrindulari gazteentzat gordeko dituzte, eta parte-hartzaileen beroketa gunea egokitzeko erabiliko dituzte bi guneak. Horrez gain, Izpiritu Deuna eta Intsausti kaleetan nahiz Ugarteigarango zuzengunean ere baimendutako herritarrek soilik aparkatu ahal izango dute ibilgailua. Bestalde, Santa Klara kalean ere debekatuta egongo da aparkatzea, Ugarteigarango igerilekuen bidegurutzearen pareraino, 08:00etatik 20:00etara arte. Plazaberriko sarrera ere itxita egongo da 13:00etatik aurrera, eta 20:00ak arte ez da zabalduko.

Itzuliaren atariko probak

Azkoitian egingo direnak Gipuzkoako Itzuliaren atariko probak izango dira, eta lasterketak ia lau kilomoetroko ibilbidea izango du. Lehenengo txirrindularia 17:15ean aterako da Santa Klara kaletik, eta txirrindulariak banaka ateratzen joango dira 30 segunduro.

Txirrindulariak Santa Klara kaletik aterako dira, eta Santa Kutz gainetik barrena, Laja, Landagarre, Illarraga, Jauregi, Epelarre, Zumeta eta Uxer baserrietatik igaroko dira, berriro Santa Klara komentura iritsi aurretik. Handik Balda plazara helduko dira, eta Plazaberrin amaituko da lasterketa. Guztira 180 pertsonak parte hartuko dute erlojupekoan, 17:15etik 19:00etara bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide