Juniorren Gipuzkoako XXXI. Itzulia Azkoitian hasiko da ostiralean

Anartz Izagirre 2021ko eka. 21a, 20:02
Gipuzkoako XXX. Itzuliko irudi bat.

Lehen txirrindularia 17:15ean abiatuko da Santa Klara kaletik, eta 30 segundo beranduago aterako da hurrengoa. Guztira, ia 4 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Gipuzkoako Itzuliaren atariko etapa izango da Azkoitikoa.

Juniorren Gipuzkoako XXXI. Itzulia Azkoitian hasiko da ostiralean, hilak 25, eta atariko etapa antolatzeko lanetan buru-belarri sartuta dabiltza egunotan Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteko kideak. Guztira, 3,8 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek, eta horietako lehena 17:15ean aterako da Santa Klara kaletik —taldeen aurkezpena 16:15ean izango da, Intsausti jauregian—. Bigarrena, berriz, 30 segundo beranduago aterako da. Antolatzaileek aurreikusten dutenez, azken txirrindularia 18:45 inguruan izango da bueltan.

Ibilbideari dagokionez, Santa Klara kaletik Santa Kutz auzora joko dute txirrindulariek, eta Jauregi nahiz Zumeta baserrietatik igaro ostean, Beidazar auzora joango dira. Hortik, Santa Klarara itzuliko dira berriro, eta Kale Nagusian izango da lasterketaren helmuga.

Gipuzkoako Itzuliak Eibarren jarraituko du zapatuan, hilak 26, eta ondoren Andoainen eta Lazkaon izango dira probak, 26an eta 27an, hurrenez hurren.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide