125,18ra jaitsi da intzidentzia tasa Azkoitian

Julene Frantzesena 2021ko eka. 23a, 13:31

Osasun Sailak atzo, asteartea, ez zuen kasu positiborik hauteman Azkoitian, eta intzidentzia tasak jaisten jarraitzen du. Bestalde, ospitaleetako egoera hobera egiten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azpeitian eta Zumaian atzeman dituzten sei kasu positiboak. Horiexek izan dira Osakidetzak azken orduetan Urola Kostan detektatu dituen koronabirus kasuak. Datuek apaltzera egin dute nabarmen azken egunetan, eta bide beretik jarraitzen dute. Azkoitian bigarren egunez jarraian ez da kasu berririk izan, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak jaisten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 125,18koa da tasa, azkenaldiko baxuena.

Dena den, eskualdeko herri batzuetako intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du, eta semaforo horian dira: Zumaian 223,87 da, Azpeitian 183,97, Getarian 106,01 eta Orion 81,54. Gainerakoan, tasak oso baxuak dira: 0 da tasa Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, eta 25,7 da Zarautzen.

Herenegungo datuekin alderatuta, gora egin du positiboen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: herenegun 146 detektatu zituzten, eta atzo 187: Gipuzkoan 70, Bizkaian 77 eta Araban 36. Osakidetzak atzo 6.716 proba gauzatu zituen, eta beraz, %2,8 da hiru lurralde horietako positibotasun tasa. Gaur-gaurkoz, 108,74 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 1.646 proba egin eta 59 lagunek eman dute positibo horietan; hau da, proba gauzatutako herritarren %3,6k.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egin du; izan ere, 68 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan koronabirusa tarteko, eta horietatik 40 daude ZIUetan, aurreko egunean baino bost gutxiago. Orotara, atzo, hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide