Uztai Txapelketa Nagusia irabazi du Joanes Balentziagak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 13a, 10:47
Joanes Balentziaga atzoko saioan. (S. Ocariz)

Ander Lizarralderekin batera aritu zen atzo lehian, Tolosako zezen plazan. Sei uztai sartuta irabazi zuten txapelketa horiek, bigarren sailkatu zen bikoteak baino bat gehiago. Egindako lanarekin gustura da azkoitiarra. "Polita izan zen. Parte hartu zuten bi ganadutegiek maila oso ona erakutsi zuten, eta errekortariok ere oso ondo aritu ginen".

Joanes Balentziagak Uztai Txapelketa Nagusia irabazi zuen atzo, zapatua, Ander Lizarralderekin batera. Marques de Saka ganadutegiak antolatuta jokatu zuten lehia Tolosako zezen plazan, eta hamar bikote aritu ziren nor baino nor. Euskal Herriko Txapelketatik sailkatutako lau bikoteetako bat zen Balentziagak eta Lizarraldek osatutakoa, eta plazan Saka eta Eulogio Mateo ganadutegiko behiak izan zituzten aurrez aurre.

Egindako lanarekin gustura da azkoitiarra; izan ere, sei uztai sartuta irabazi zuten txapelketa nagusia. Bigarren sailkatu zen bikoteak, berriz, bost uztai sartu zituen. Lehia aurrera zihoan heinean sentitutako urduritasuna izan du hizpide Balentziagak: "Hamar bikoteetatik hirugarrenak ginen gu lehian, eta bukaera aldean urduritasun pixka bat pasatu genuen, bikote batzuk oso lan ona egiten ari zirelako. Baina azkenean geuk sartu genituen uztai gehien".

Balentziagaren arabera, lehia "oso-oso ona" izan zen, "aspaldian" Euskal Herrian "halako mailako" txapelketarik ez zen ikusi. "Polita izan zen. Parte hartu zuten bi ganadutegiek maila oso ona erakutsi zuten, eta errekortariok ere oso ondo aritu ginen". Hori aipatuta, Azpeitiko Xabier Iturraldek eta Iosu Valencianok egindako lana aipatu du azkoitiarrak: "Oso ondo aritu ziren. Espainiako ligako behi bati bi uztai sartu zizkioten, eta gogor aritu ziren. Bikote onenaren saria eskuratu zuten, gainera. Espainiako Ligan aritzeko adinako maila erakutsi zuten".

Atsedenik ez dute hartuko Balentziagak eta Lizarraldek; izan ere, gaur Tuteran (Nafarroa) beste saio bat izango dute. Espainiako Uztaien Ligan ari dira parte hartzen, eta aurrerantzean ere hainbat hitzordu izango dituztela azaldu du hark: "Iaz ez bezala, aurten hainbat zita izango ditugu. Aurreko urteetan 30 bat txapelketa izaten ziren guztira, iaz asko gutxiago egin ziren, eta aurten ari da berriz ere martxa hartzen liga".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide