Joanes Balentziaga: "Oso gogotsu gaude, eta horrek ohiko prestaketaren falta konpentsatuko duela uste dut"

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 11a, 15:04

Marques de Saka ganadutegiak antolatuta, Uztai Txapelketa Nagusia eta ganaduzaleen arteko lehia izango dira bihar Tolosako zezen plazan. Uztai txapelketan lehiatuko da Joanes Balentziaga (Azkoitia, 1996), Ander Lizarralderekin batera. Euskal Herriko Txapelketatik sailkatutako lau bikote eta Espainiako bikoterik onenak aterako dira plazara bihar, eta aurrez aurre izango dituzte Marques de Saka eta Eulogio Mateo ganadutegiko behiak. Biharko saioa "maila handikoa" izango dela uste du Balentziagak. 

Joan zen astean Tolosan izan zinen erakustaldia eskaintzen. Aste honetan lehiatzera aterako zara. Nola ikusten duzu zure burua eta bikotea?

Aspaldian behi baten aurrean jarri gabe gaude, eta esan daiteke rodaje pixka bat falta zaigula. Joan zen astean erakustaldia eskaini genuen, eta horren aurretik beste txapelketa batean ere izan ginen. Hala ere, lehengo aldean, ohiko denboraldi batekin alderatuta, oso gutxi aritu gara aurten. Alde horretatik pixka bat berde gaudela esan daiteke. Dena den, oso gogotsu gaude, eta horrek prestaketa falta konpentsatuko duela uste dut. 

Tolosan sailkatutako bikoteak ere ariko dira zapatuan, baina baita Espainiako beste errekortari batzuk ere. Maila handia al dago? Nola ikusten dituzu gainerako lehiakideak?

Ezbairik gabe, maila oso handia dago, bai. Esango nuke Espainiatik datozen bost bikoteak momentuko bikoterik gogorrenak edo onenak direla. Horiez gain, Ander eta ni gaude, horien kontra aritutakoak edo. Eta gutaz aparte, joan zen astean Tolosan sailkatutako lau bikoteak egongo dira. Horiek pixka bat gutxiago aritutakoak dira, eta esan daiteke esperientzia gutxiago dutela, baina jakinekoa da gogotsu daudela eta beren lekua egin nahi dutela mundu honetan. Beraz, ziur nago ikuskizun ederra emango dutela, eta denok gogotsu irtengo garela. 

Txapelketarako prestatuko zinen, ezta? Nola entrenatzen da errekortari bat? 

Txapelketarako prest gaude. Beste urtetan pixka bat prestatu izan gara, denboraldi normal bat izango zela jakitun. Aurten, ordea, sorpresaz harrapatu gaitu derrepente txapelketak hastea. Entrenatu korrikan, serie motzak, eta animalien aurrean, eroso sentitzeko. Aurten herrietan festa gutxi egon denez, alde horretatik hotz gaude, behien aurrean deseroso sentitzen gara oraindik, baina, tira, poliki-poliki hartzen joango gara. 

Nolako ganaduarekin arituko zarete?

Eulogio Mateo eta Marques de Saka ganadutegiko behiak aterako dira plazara, ganadutegi bakoitzetik bost behi, eta horien arteko erronka ere izango da bihar. Behiak oso fuerte datoz. Kontuan hartu behar da iaz deskantsurako tartea izan zutela, eta fresko, gizen eta indar askorekin daudela. Eulogio Mateoren ganadua ibiliko ohi dugu txapelketetan. Kontatu didatenez, duela bi aste inguru ibili ziren Eulogio Mateoko behiekin –nik ezin izan nuen joan– baina han ibilitakoak esan didate behiak trenen pare daudela, oso indartsu; baina tira, aurre egin beharko zaie. Marques de Saka ganadutegiak ere behirik onenak aterako ditu plazara, eta horiek oso bizkorrak direnez, zailduko dute gure lana. Baina mundu hau horrela izaten da: uztai txapelketak, behirik indartsuenak.  

Espainiko txapeldun zarete gaur egun. Tituluari helduko al diozue?

Gaur egun txapeldun izaten jarraitzen dugu, bai. Larunbatekoa ligako txapelketa bat gehiago izango da, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Uneotan hirugarren goaz ligan, eta zaila izango da lehen postuari heltzea. Dena den, lanak txukun egiten saiatuko gara. Zaragozan Espainiako Txapelketa jokatuz gero, titulua defendatzen saiatuko gara, baina ez da erraza izango; egun borobila behar da, zortea lagun izatea... Horren bila joango gara, baina aldeko faktore guztiek tokatu behar dute pare-parean.   

Zezen ikuskizun gutxi izan dira pandemia tarteko. Plazara irteteko gogoz egongo zara, ezta?

Pandemia tarteko iaz ikuskizun gutxi izan ziren, eta egia esan plazara irteteko gogutsu nago. Hala ere, normaltasuna iristeko gogoz nago, eta ez soilik zezenen munduan, orokorrean baizik. Txapelketa gehiago, festa giro gehiago... Ongi etorriak izango dira, baina beti ere pandemiak uzten badu. Orain alperrik izango da gauzak azkar egitea, gero berriro atzera egin behar bada. Guztioi dagokigu arduraz jokatzea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide