'Azkoittixen hike' logo lehiaketara lanak aurkez daitezke oraindik

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 10a, 16:45

Ekainaren 22an itxiko da herrian hitanoaren erabilera sustatzeko egitasmoarentzat irudia aukeratzeko antolatu duten lehiaketara diseinuak bidaltzeko epea.

Azkoitiko Udalak herrian hitanoaren erabilera sustatzeko egitasmoa aurkeztu zuen joan den hilaren bukaeran. Egitasmo hori garatzeko hainbat ekintza egin asmo dituzte, eta horietako lehendabizikoa egitasmo berarentzat irudia aukeratzeko logo lehiaketa da. Azkoittixen hike da lehiaketari jarri dioten izena, eta oraindik irekita dago bertara lanak aurkezteko epea.

Hain zuzen ere, hil honen 22an itxiko du udalak logo lehiaketaren diseinuak jasotzeko epea. Udaletxeko harrera bulegoan aurrez aurre, posta arruntez edo telematikoki aurkez daitezke lehiaketarako lanak.

Azkoitian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork har dezakete parte lehiaketan eta irabazleak 600 euroko diru-saria eskuratuko du. Irabazlea ekainaren 30ean jakinaraziko dute. Besteak beste, logoak noka jasotzea, originaltasuna, sormena eta formatu ezberdinetan erabiltzeko egokitasuna baloratuko ditu epaimahaiak. Lehiaketaren oinarri osoak azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke, eta informazio gehiago nahi izanez gero, euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943-85 71 75 telefonora deitu daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide