Eremu gorrian iltzatuta jarraitzen du Azkoitiak

Aitziber Arzallus eta Dorleta Agiriano 2021ko eka. 4a, 13:11

Atzo bederatzi positibo zenbatu zituzten herrian. Horiekin, 32 lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan zen astean baino hamar gehiago. Hala eta guztiz ere, behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 450,64koa da zifra hori une honetan, eta 492,36koa zen duela astebete. Eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, bederatzi positibo zenbatu zituzten atzo Azkoitian. Azken zazpi egunetan, 32 positibo baieztatu dituzte guztira, joan den astean baino hamar gehiago; 22 kasu atzeman zituzten orduan. Astebeteko positiboen kopurua aurreko astekoa baino handiagoa izanagatik, beherantz jarraitu du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere: 450,64koa da zifra hori une honetan, 492,36koa zen duela astebete, eta 559,12koa duela bi aste. Egoera orain dela aste batzuetakoa baino bareagoa den arren, baina oraindik eremu gorrian dago herria. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean, intzidentzia tasarik altuena Azkoitiak du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hiru herri bakarrik daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia. Agurainek (Araba) bakarrik du Azkoitiak baino intzidentzia tasa altuagoa. 

Urola Kosta eskualdean, gorabeheratsu jarraitzen du egunez egun atzematen dituzten positiboen kopuruak. Atzo hogei positibo baieztatu zituzten, herenegun baino hiru gehiago, baina asteartean baino hamabi gutxiago. Azkoitiko bederatziak kenduta, Azpeitian hauteman zituzten positibo gehien atzo: sei. Aste guztian 26 positibo izan dituzte han eta eremu laranjan dago herria, 302,23ko intzidentzia tasarekin. Zarautzen eta Zumaian bina positibo zenbatu zituzten atzo, eta Orion atzeman zuten bestea. Hiru herri horiek eremu horian daude. Zarautzek 102,72ko intzidentzia tasa du, Zumaiak 162,82koa eta Oriok 260,93koa. Zarautzen 26 positibo izan dituzte aste guztian, Orion hamahiru eta Zumaian hamabi.

5.000 biztanletik beherako eskualdeko herrietan, lasaitasuna da nagusi. Atzo ez zuten positiborik hauteman haietan, eta azken zazpi egunotan ere oso gutxi izan dituzte. Aian, Getarian eta Zestoan positibo bana baieztatu dute aste guztian, eta Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bakar bat ere ez. Horrenbestez, oso intzidentzia tasa baxuak dituzte.

Positibotasun tasa gora

Hego Euskal Herrian 382 emaitza positibo izan dira atzo egindako probetan; hain zuzen, 160 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 44 Araban eta hiru beste lurralde batzuetan. Herenegungo probetan kasu gutxiago baieztatu zituzten; 368. Nafarroan aste osoko daturik onena izan da gaur argitaratutakoa, baina zertxobait igo da positibotasun tasa; %3,2koa izan zen atzo, eta %3,1ekoa herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positibotasun tasak, %3,3tik %4,1era.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egiten jarraitzen du egoerak. COVID-19ak jota ZIUetan dauden pertsonen kopurua 100etik beherakoa izan da aurreko asteburutik, eta gaur egun, 83 dira. Guztira, 238 dira koronabirusa dela-eta Osakidetzan ospitaleratuta dauden pertsonak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide