Alesonek eta Morcillok amaitu dute aniztasun funtzionalaren aldeko 'TrekantabrikoUrdina' ibilbidea

Andoni Elduaien 2021ko eka. 4a, 10:19
Imanol Aleson eta Julian Morcillo, 'TrekantabrikoUrdina' egitasmoko ibilbidean zehar. (Argazkiak: Marea Urdina)

Maiatzaren 26an hasi zuten bidea mendi korrikalari azkoitiarrak eta madrildarrak TrekantabrikoUrdina Kantabriako (Espainia) Alto Campoo eski estazioan, eta atzo, osteguna, 21:00etan amaitu zuten bidea Galiziako Piedrafita Cebreiro herrian. Aniztasun funtzionala duten pertsonen aldarrikapenak zabaldu nahi izan dituzte lau haizeetara.

Imanol Aleson eta Julian Morcillo mendi lasterkariek atzo, osteguna, amaitu zuten aniztasun funtzionala duten pertsonen alde egindako 'TrekantabrikoUrdina' ibilbidea. Iaz egin zuten GR 11 Urdina egitasmoaren ondoren, bigarren mendi ibilbidea osatu dute aniztasun funtzionala duten pertsonen alde; aurtengoari TrekantabrikoUrdina egitasmoa deitu diote. Bederatzi etapatan banatu dute 500 kilometroko bidea, eta etapa bakoitza baliatu dute bi lasterkariek aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko inklusio aldarrikapenak egiteko. Etapa bakoitzean aldarrikapen bat egin dute.

Maiatzaren 26an hasi zuten bidea mendi korrikalari azkoitiarrak eta madrildarrak TrekantabrikoUrdina Kantabriako (Espainia) Alto Campoo eski estazioan, eta atzo 21:00ak inguruan iritsi ziren Galiziako Piedrafita Cebreiro herrira. Trekantabrikoa osorik gurutzatzen lehenak izan dira Aleson eta Morcillo. Ibilbidea 29 etapetan zatitua baldin badago ere, bederatzi egunetan, bederatzi etapetan egin dute Alesonek eta Morcillok. Guztira 500 kilometro eta 25.000 kilometro positiboko desnibela duen ibilbidea gainditu behar izan du bikoteak azken bederatzi egunetan.

Bederatzi inklusio aldarrikapen

Alesonek eta Morcillok bederatzi egunetan aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko aldarrikapenak egin dituzte. Lehen etapan, Alto Campoo eta Espinama artekoan, aniztasun funtzionala duten pertsonen jolas egiteko eskubidea aldarrikatu zuten. Bigarren etapan, berriz, Espinama eta Oseja de Sajambre bitartekoan, ikasteko eskubidea zabaldu zuten lau haizeetara. Hirugarren etapan, Oseja de Sajambre eta Brañagallones lotu zituzten bi mendi lasterkariek, aniztasun funtzionala duten pertsonek lana egiteko duten eskubidea aldarrikatu zuten.

Laugarren etapan, Brañagallones eta Villamanin artekoan, kulturan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Bosgarren egunean, ostera, Villamanin eta Meicin herrien arteko bidea egin zuten Alesonek eta Morcillok, eta kirola egiteko eskubidearen aldeko aldarria egin zuten. Seigarren etapan, Meicin eta Puerto Somiedo bitartean, irisgarritasuna eskatu zuten.

Ekainaren lehen egunean egin zuten zazpigarren etapa, Puerto Somiedo eta Cerredo bitartean, eta aniztasun funtzionala dutenek komunikatzeko eskubidea dutela adierazi nahi izan duten Alesonek eta Morcillok. Herenegun osatu zuten zortzigarren etapa, Cerredon hasi eta Baloutan amaituz, eta  errespetatuak izatea eskatu zuten. Atzo, berriz, Baloutan hasi zuten TrekantabrikoUrdina egitasmoko azken etapa, eta Piedrafita Cebreiron amaitu zuten, aniztasun funtzionala dutenak gizartearen parte direla aldarrikatzeko.

Aleson eta Morcillo, egitasmoko ibilbidea amaitu duten herrian.

Aleson eta Morcillo, ibilbidea amaitu orduko ateratako argazkian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide