Hamar kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azkoitian

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 2a, 13:18

Kasu positiboek gora egin dute berriz ere Azkoitian. Herenegun zazpi kasu zenbatu zituzten, eta atzo hamar. Intzidentzia tasak, berriz, behera egin du. Hego Euskal Herrian, berriz, 424 positibo hauteman dituzte.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera,Azkoitian hamar kasu positibo zenbatu zituzten atzo, asteartea, herrian egindako PCR eta antigeno testetan. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasak, halere, behera egin du. 484,02 izatetik 458,98ra jaitsi da, eta eremu gorriaren barruan sartuta jarraitzen du.

32 positibo izan dira Urola Kostan atzo egindako probetan. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira eskualdean berriz ere. Azkoitiko hamar kasuez gain, Azpeitian zazpi positibo detektatu dituzte, eta han intzidentziak gora egin du 335,09tik 354,80ra.

Zarautzen, bestalde, sei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 192,74tik  214,16ra igo da. Orion azken egunetako positibo kopururik altuena detektatu dute, bost, eta bikoiztu egin da tasa: 163,08 da gaur gaurkoz, eta eremu horian dago herria. Zumaian lau izan dira, eta han ere igo egin da intzidentzia tasa 111,94tik 152,64ra. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasa hutsean dute guztiek, Getariak (70,67) eta Zestoak (179,76) izan ezik.

424 positibo Hego Euskal Herrian

10.678 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta guztira 424 lagunek eman zuten positibo; herenegun baino hamahiru gehiago izan dira. Araban 45 positibo detektatu dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 110, eta Nafarroan 86; hala eta guztiz ere hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean bost kasu zenbatu dituzte.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 45 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Denera 164 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 89 ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide