Hiru kasu positibo azken hiru egunetan

Amaia Urbieta 2021ko mai. 31a, 13:21

Ostiraletik igandera bitartean egunero kasu bana zenbat du Osasun Sailak herrian. 458,98koa da une honetan Azkoitiko intzidentzia tasa, Legazpi eta Tolosaren aurretik Gipuzkoako handiena.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan hautemandako kasu positiboen txostena. Azkoitian positiboek apaltzera egin dute; izan ere, azken hiru egunetan kasu bana baieztatu dute egunero. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak ere behera egin du; gutxi bada ere. 492,36ko tasatik 458,98ra jaitsi da.

Urola Kosta eskualdean guztira 22 positibo zenbatu dituzte. Beherakada moteldu egin da, baina datuek jaisten jarraitzen dute, aurreko asteleheneko datuen arabera, 29 izan baitziren aurreko hiru egunetan eskualdean zenbatutako kasuak. Intzidentzia tasa metatuari erreparatuta, beheranzko joerari eutsi diote herri gehienek, baina zenbaitetan gora egin du. Azpeitian, esaterako, hamar kasu zenbatu dituzte asteburuan (launa ostiralean eta larunbatean, eta bi igandean), eta astekoa baino 46 puntu altuagoa da orain herri horretako intzidentzia tasa. 348,23ko tasarekin, eremu laranjan dago.

Orion ere igo egin da intzidentzia tasa, nahiz eta asteburuan bi kasu positibo soilik detektatu dituzten. 16,31ko tasarekin, eremu berdean zen aurreko astelehenean kostaldeko herria eta, egun, 81,54ko tasa dute bertan. Eskualdeko gainontzeko herrietan behera egin du intzidentzia tasak. Zarautzen lau kasu atzeman dituzte azken hiru egunetan, eta 214,16tik 167,05era jaitsi da astebetean bertako intzidentzia tasa. Zumaian kasu bat baino ez dute zenbatu asteburuan, eta 81,41eko intzidentzia tasa dute han gaur-gaurkoz (duela astebete 193,34koa zuten). Getarian eta Zestoan ere kasu bana atzeman dute azken hiru egunetan eta, hurrenez hurren, 106,01 eta 179,76 dira herri horietako intzidentzia tasak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positibo berririk detektatu asteburuan.

Jaitsiera moteltzen

Osakidetzak eta Osasunbideak ahalbidetutako datuen arabera, 6.730 proba diagnostiko egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 301ek eman zuten positibo; alegia, %4,5ek. Positibotasun tasak, beraz, mantentzera egin du azken astean datu orokorrei erreparatuta. Atzo zenbatutako positiboetatik 129 Bizkaian atzeman zituzten, 88 Gipuzkoan, 50 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi lagunek ere eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 90 lagun ospitaleratu dituzte azken hiru egunetan Osakidetzaren mendeko ospitaleetan; horietatik 31 atzo. Gaur-gaurkoz, guztira 162 pertsona daude ospitalean COVID-19ak jota, eta horietatik 97 ZIUetan daude. Datuek hobera egin dute aurreko astekoekin alderatuz gero, izan ere, duela astebete 212 lagun zeuden ospitalean, eta horietatik 117 ZIUetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide