Txalonerrekan alokairu publikorako 40 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Jaurlaritzak

Urtzi Oteiza eta Andoni Elduaien 2021ko mai. 31a, 14:59

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua Azkoitian izan da Javier Zubizarretarekin elkartu eta hitzarmen berria sinatzeko. Hiru partzela erosi dizkio Jaurlaritzak udalari, eta Txalonerrekan babestutako 40 etxebizitza hiru eraikinetan eraikitzeko konpromisoa hartu du.

Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena, Txalonerrekan alokairu publikorako 40 etxebizitza eraikitzeko. Udalak, Azkoitia Lantzenen bitartez, Jaurlaritzari Txalonerrekako hiru partzela saldu dizkio, eta akordioaren baitan babestutako etxebizitzak eraiki beharko ditu Jaurlaritzak. Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak sinatu dute hitzarmena.

Jaurlaritzak 1.080.911 euro ordainduko dizkio udalari hiru partzelengatik, eta udalak diru hori erabiliko du Txalonerreka auzoa eta Altamira lotuko dituen bide nagusia finantzatzeko. "Oso albiste ona da Azkoitiarentzat, baita Txalonerrekarentzat ere, oso aurreikuspen onak eta etorkizuna dituen auzoa baita. Urte gutxiren buruan eraldatu egingo da eta presentzia irabazten joango den kokagunea izango da. Era berean, oso albiste ona da herrian eskaera handia duen etxebizitza eskaintza izango dugulako", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak.

Jaurlaritzak hiru partzelatan alokairu sozialerako hiru eraikin berri egingo ditu, eta hiru eraikin horietatik bitan hamabina etxebizitza eraikiko dituzte; hirugarren eraikinean, aldiz, hamasei etxebizitza berri egingo dituzte. 40 etxebizitza horiek bi sotokoak, beheko solairukoak, lau solairukoak eta teilatupekoak izango dira; garajeak eta trastelekuak ere izango dituztela aurreikusi dute. Guztira 1.227 metro karratuko partzelak dira Jaurlaritzak Azkoitian erosi dituenak, eta Arriolak aurreratu duenez lursailak erosteko nahiz eraikinak egiteko 5,9 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Etxebizitzak 2026. urtearen bukaerarako amaituta izatea espero du sailburuak.

Hitzarmenean jasotakoaren arabera, etxebizitza horiek eskuratzeko herrian erroldatuta egon beharko da. Era berean, esleipen prozesuan "kupoak kontuan" hartuko dituztela jakinarazi du Arriola sailburuak, "gazten kolektiboari lehentasuna" emateko. Gainera, jakinarazi du udalak "ateak zabalik" izango dituela etxebizitza horiek beste udal-jarduera batzuen ondorioz etxebizitza behar duten pertsonentzat erabiltzeko.

Herriko zenbait datu

Azkoitian une honetan alokairurako etxebizitzen 427 eskatzaile daude Etxebiden, eta horien %68ak errentamendu modalitatea du eskatuta. Arriolak nabarmendu du, Txalonerrekan eraikiko dituzten 40 etxebizitzez gain, Jaurlaritzako Etxebizitza sailak eta Visesak beste partzela batzuk dituztela Txalonerrekan etxebizitzak eraikitzeko. Aurrerago, partzela batean alokairu erregimeneko babes publikoko 75 etxebizitza eta beste partzela batean 150 etxebizitza inguru gehiago eraikitzeko asmoa dutela jakinarazi du. Teklako etxebizitzak ere hizpide izan ditu Arriolak, gune horretan babes publiko sozialeko hamalau etxebizitza eta salmentako beste hamasei eraikitzeko lanak ari baitira egiten. Guztira 5,3 milioi euroko aurrekontua dute lanek eta datorren urteko lehen seihilekorako lanak amaituta izatea espero du.

Jaurlaritzak, Alokabideren bitartez, 57 etxebizitza kudeatzen ditu Azkoitian, eta guztiak Bizigune programaren bidez etxebizitza hutsak alokairurako uzten dituzten partikularrenak dira. Gainera, sailburuak adierazi du "alokairu librea ordaintzen laguntzeko" Gaztelagun programaren bidez Jaurlaritzako Etxebizitza sailak 36 urtetik beherako 35 pertsona emantzipatzea "bultzatu" duela Azkoitian.

Azkoitia zinegotzia, Arriola sailburua, Zubizarreta alkatea, Igoa zinegotzia eta Jauregi sailburuordea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide