Janire Igoa, PSE-EEko zinegotzia

"Txalonerrekan etxebizitzak eraikitzeko sinatutako hitzarmenak behar handiena duten familiei egingo die mesede"

Andoni Elduaien 2021ko eka. 1a, 12:29
Igoa, Arriola eta Zubizarreta.

Etxebizitza sozialak bultzatzeko neurrien alde egin du Igoak eta nabarmendu du "pertsona ahulek" etxebizitza bat eskuratzea lortu behar dela.

Janire Igoa, Azkoitiko PSE-EEko bozeramaileak ohar bidez eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta, "bereziki", Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuari, Txalonerreka auzoan alokairuko 40 etxebizitza sozial eraikitzeko eman duen "laguntzagatik". Alokairu sozialeko etxebizitzen sustapenak "azkoitiar askok etxebizitza duin bat lortzeko dituzten zailtasun larriak arintzen" lagunduko duela nabarmendu du Igoak. "40 etxebizitza horiek diru-sarrera mugatuak dituzten eta egoera ahulean dauden pertsonei alokatuko zaizkie, prezio murriztuarekin.Txalonerrekan etxebizitzak eraikitzeko sinatutako hitzarmenak behar handiena duten familiei egingo die mesede", adierazi du.

Bestalde, Janire Igoak balioetsi egin du akordia, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartu baitu Txalonerreka auzoan 2026. urtearen amaierarako alokairuko 40 etxebizitza sozial eraikitzeko. "Etxebizitza eskuragarria eskuratzea herritarren eskaera nagusietako bat da, eta, funtsean, erakundeek etxebizitza publikoak eraiki behar dituzte gizartearen beharrak asetzeko".

Etxebizitza sozialak bultzatzen dituzten neurriak "indartu" egin behar direla dio PSE-EEko zinegotziak. "Pertsona ahulek etxebizitza bat eskuratu ahal izatea lortu behar da, alokairuaren merkatuan desoreka baitago; izan ere, ezin da ukatu etxebizitzen urritasunak eta prezioen igoerak zaildu egiten diela pertsona askori etxebizitza eskuratzeko aukera".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide