Abeslaria

Anari: "Niretzat beti izan da akuilua aldatzea eta beste zerbaiten bila joatea"

Andoni Elduaien 2021ko mai. 28a, 08:15
Anari abeslari azkoitiarra. (Argazkia: Ainhoa Beristain)

Anari Alberdik (Azkoitia, 1970) kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, Baztartxo antzokian. Herritarren aurrean aritzeak "lotsa" ematen diola aitortu duen arren, gogotsu dago herriko publikoaren aurrean jarduteko. Emanaldirako sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik Entradium plataforman.

Bihar Azkoitiko Baztartxon eskainiko duzu kontzertua. Ez da zure lehen aldia herrian.

Azkoitiko lehen kontzertua orain Akauzazte taldekoak diren kideekin eman nuen; jendaurrean lehen aldiz bateria jotzen aritu nintzen herrian. Bakarlari bezala, berriz, Txapla deitzen zen taberna batean eskaini nuen aurreneko kontzertua. Plazaberrin zegoen lehen, baina gaur egun ez dago. Handik gutxira Etxe-Aitz tabernan ere jo nuen, eta gero Habiak lanarekin Baztartxo antzokian ere aritu nintzen Ruper Ordorikarekin batera. Tabernetan hasi nuen bakarlari ibilbidea.

Zertan aldatu da Anari lehen urte haietatik?

Jendearentzat beharbada ez nintzen aldatuko, baina nire iritziz asko aldatu naiz. Beti adibide bera ematen dut galdera horri erantzuteko. Ileapaindegira joan eta ilea moztutakoan, norberari agian iruditzen zaio gehiegi moztu duela ilea. Kalera irtendakoan, gainera, sentitzen duzu jendea zuri begira dagoela ilea gehiegi moztu duzulako, baina zenbait ez da ohartu ere egiten ilea moztu izanagatik. Horrelako zerbait sentitzen dut. Kantak egiteko orduan, ibilbide osoko memorian oso erabaki erradikalak hartu eta norabide aldaketak egin dituzula sentitzen duzu. Barrutik eta zurekin batera norabide berean joan denak ziurrenik sumatuko ditu aldaketa horiek, baina kanpotik ikusten duenak agian ez. Niretzat beti izan da akuilua aldatzea eta beste zerbaiten bila joatea, baina ez dakit horiek kanpotik ikusten diren.

Zer eraman nahi duzu Baztartxora?

Azken diskoa duela hiru-lau urte kaleratu genuen, eta orain ibilbide osoko kantak ari gara jotzen herriz herri. Momentu ederrean gaudela esango nuke, horrela sentitzen naiz ni behintzat taldeko bandarekin eta soinuarekin. Gainera, biola jotzaile baionar bat batu zaigu taldera, eta orain pixka bat modu akustikoan ari gara jotzen; badago horrelako buelta bat soinuan. Era horretan, abestiak beste era batera ari gara jotzen. Kontzertuetan, halaber, saiatzen naiz motza izaten, uste baitut maskararekin barruan egotea ez dela batere erosoa. Oso-oso gustura ari gara jotzen han eta hemen, eta kontzertuak bereziak ari dira izaten. Espero dugu jendeak ere horrela biziko duela Azkoitian.

Gogotsu zaude beraz Baztartxon kontzertua eskaintzeko?

Gogotsu nago, bai. Egia esan asko kostatzen zait oraindik ere herritarren aurrean jardutea. Zalantzarik gabe, beste mota bateko lotura dago. Aitortu behar dut, gainera, oraindik lotsa ere ematen didala herritarren aurreran aritzeak, eta oraindik ematen badit, beti emango didala. Halere, pozik nago. Azkoitian egongo den publikoa bada beste leku batzuetara gu ikustera etortzen dena, eta gainera, Baztartxora joango dena. Bereziki horien aurrean jotzeko gogoa dut.

Azkenaldian zertan ibili zara? Ba al duzu lan edo proiektu berririk?

Beti ari gara musika jotzen, gauzak grabatzen eta ideiak bilatzen, jasotzen nahiz idazten. Horretan ari naiz egun ere, baina ez dut uste oraindik disko bat egiteko nagoenik. Inoiz ez dakizu beste diskorik izango den ala ez. Orain, aurreko diskotik irten eta bide lau batean nagoela sentitzen dut. Askotan idazten eta gauzak biltzen ibili ondoren, egun batean esaten da disko berri bat egitera joango zarela. Halere, nik diskoak ez ditut kantuz kantu idazten, dena batera egiten joaten naiz, eta beraz, auskalo.

Kontzertuei heldu diozue berriz ere. Nola eraman duzu pandemiak eragindako etenaldia?

Konfinamendu garaian oraindik eta konfinatuago egon nintzen ni, oina igeltsatuta izan bainuen. Ezinbestean gelditu behar izan nuen, eta gauza kuriosoa izan zen; bestela ere ezingo nuen jo. Alde batetik, horrela bizi izan nuen egoera. Uztailetik aurrera, berriz ere kontzertuekin hasi ginen, eta egia esan, asko jo dugu. Gure kontzertu tipoa egokia izan da egoerak eskatu dituen neurrietarako, hala nola eserita entzuteko eta distantziak zainduta. Bestelako eszenaratzea duten taldeek, rock taldeek adibidez, gehiago sufritu dutela esango nuke. Gainera, konfinamenduak ni ez ninduen harrapatu diskoa argitaratu berri. Gogorra izan da horrelako une batean harrapatu dituzten pertsonentzat, eta horrela ari da izaten oraindik ere. Horri lotuta, gogoan dut Zarautzen konfinamenduaren ondoren eman genuen bigarren edo hirugarren kontzertu baten ondoren esan nuena. Guztiak distantziak zainduta eta maskarekin ikusi nituenean, esan nuen ea merezi al zuen horrela jotzea. Orain, berriz, ohitu egin gara. Antzokietan-eta jotzeak, halaber, publikoa ez ikustea dakar. Aldiz, kanpoan jo izan dugunean ikusten da jendea. Arraroa da maskararen aurka abestea, azkenean ez baitira sumatzen pertsonen erreakzioak. Esango nuke, eta Azkoitian ere horrela da, kontu horiek lanbropean gelditzen direla. Ea zenbait gauzatan atzera egiten dugun lehen genuen bizitza lortzeko.

Hara eta hona zabiltz kontzertuak eskaintzen. Zapatuan Azkoitian eskainiko duzun kontzertuarekin batera, ekainaren 12an Erriberrin (Nafarroa) emango duzuna ere berezia izango da zuretzat, ezta?

Horrela da, bai. Hamabost egunen buruan nire amaren eta nire aitaren jaioterrian joko dugu. Adin honetan, gainera, horrelako gauzei bestelako garrantzia bat ematen zaiela iruditzen zait. Esan izan didate Erriberriko euskara taldekoek ere han jotzeko, eta Azkoitian jotzeak lotsa ematen badit, han bikoitza ematen dit. Halere, Euskararen Eguna antolatu dute, eta horren barruan joko dugunez oso-oso pozik joango naiz. Euskararen alde lan egiten ari den hainbeste jenderen seinalea eta lorpena izango da egun hori Erriberrin. Ikastolan euskara ikasi duten belaunaldiak daude han, eta orain D eredua dute eskola publikoan. Niretzat oso pozgarria da beraiek ni hara abestera joan nahi izatea. Oso polita da niretzat, gustura nago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide