Ekainaren 8an ekingo diote Azkoitia-Urretxu errepideko hobekuntza lanei

Anartz Izagirre 2021ko mai. 25a, 11:34
GI-631 errepideko obren irudi bat.

T2 faseko lanek eragina izango dute zirkulazioan, eta erreietako bat oztopatuko dute obrek. Hori dela eta, bi noranzkoei eragingo dien txandakako zirkulazioa ezarriko dute 26,600 eta 27,800 kilometroen artean, eta semaforo baten bitartez kontrolatuko dute zirkulazioa. Construcciones Moyua enpresak gauzatuko ditu lanak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ekainaren 8an hasiko dira Azkoitia eta Urretxu (Gipuzkoa) lotzen dituen GI-631 errepideko hobekuntza lanekin. T2 deritzon fasea izango da orain hasiko dutena, eta Aizpurutxotik Urretxurako 26,600 eta 27,800 kilometroen artean aurreratzeko erreia eraikiko dute. 

Azkoitiko Udalak adierazi duenez, obrek eragina izango dute errepideko zirkulazioan. Hain zuzen ere, oraingo erreietako bat hartuko dute lanek egungo plataformako eskuineko ertzean indusketak egiteko nahiz errepidea zabaltzeko lanak gauzatzeko. Hori dela eta, errepidearen bi noranzkoetako ibilgailuek txandaka igaro beharko dute errei horretatik, eta semaforoen bidez antolatuko dute pasabidea.

Txandakako zirkulazioa ekaineko bigarren astean hasi eta hamalau hilabetez luzatuko da gutxi gorabehera, eta txandakako zirkulazioa izango duen tarte horren luzera 600 metro ingurukoa izango da.

Construcciones Moyua enpresa izango da lanak gauzatuko dituen enpresa, eta 7.759.602,47 euroko aurrekontua izango dute horretarako. Esleipenaren hasierako aurrekontua 9.301.849,03 eurokoa zen, eta, guztira, zazpi enpresa aurkeztu ziren lizitaziora —horietatik bost Aldi Baterako Enpresen Batasuna eratuta—. GI-631 errepideko hobekuntza lanen proiektuak hiru fase ditu, eta guztira, 45,5 milioi eurokoa da aurrekontu osoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide