Construcciones Moyua enpresak egingo ditu Azkoitia eta Urretxu arteko errepideko hobekuntza lanak

Anartz Izagirre 2021ko api. 14a, 15:55
Markel Olano ahaldun nagusia eta Javier Zubizarreta alkatea, Aizpurutxon. (Azkoitiko Udala)

Lanak maiatzean edo ekainean hastea aurreikusten dute, eta hamabost hilabeteko iraupena izango dute. Javier Zubizarreta alkateak adierazi duenez, "oso esperotako eta desiratutako albistea" da bigarren faseko lanen hasiera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esleitu ditu dagoeneko Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepidea hobetzeko bigarren faseko lanak. Construcciones Moyua enpresa izango da lanak gauzatuko dituen enpresa, eta lanak maiatzean edo ekainean hastea aurreikusten dute. Guztira, hamabost hilabete iraungo dute lanek, eta 7.759.602,47 euroko aurrekontua izango dute. Esleipenaren hasierako aurrekontua 9.301.849,03 eurokoa zen, eta, guztira, zazpi enpresa aurkeztu ziren lizitaziora —horietatik bost Aldi Baterako Enpresen Batasuna eratuta—.

Joan zen urrian izan ziren Aizpurutxon Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Azkoitiko eta Urretxuko udaletako ordezkariak, eta han eman zuten bigarren faseko lanen xehetasunen berri —hemen, bideoa—. T2 deritzon fasea izango da orain hasiko dutena, eta Aizpurutxotik Urretxurako 26,600 eta 27,800 kilometroen artean aurreratzeko erreia eraikiko dute. Errepideko lanekin bigarren fasean hasiko diren arren, joan zen uztailean hasi ziren Aizpurutxoko eta GI-631 errepideko hobekuntza lanekin. Hain zuzen ere, oinezkoentzako pasabidea eta zubia eraiki zituzten auzoan lehen fase horretan. Aldundiko ordezkariek azaldu zutenez, 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute egunero errepidea, eta ibilgailu astunak dira %10a baino gehiago; hori dela eta, "obra zaila" zela azaldu zuten.  Hobekuntza lanen proiektu osoak, guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontua du.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearentzat, "oso desiratutako eta esperotako albistea" da bigarren faseko lanen hasiera, eta "aspalditik datorren eskaera" dela azaldu du: "Tematuta egon gara eta iritsi da. Aizpurutxon pasabidea eta zubia eraiki berriak dira, eta aste batzuen buruan errepideko obren hasiera ikusiko dugu. Azkoitiko bizilagunek ondo merezita dute errepidearen hobetzea zeren eskaera historiko baten aurrean gaude, bai udal honen aldetik eta bai herritarren aldetik". Bestalde, Zubizarretak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari proiektua lurraldeko mugikortasunarentzat "giltzarri" izendatzeagatik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide