Azkoitiak du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan intzidentzia tasarik altuena

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 20a, 13:19

Zazpi positibo hauteman dituzte herrian eta intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan, 592,51koa da. Eskualdean hamahiru kasu berri hauteman dituzte, herenegun baino bost gutxiago. Hego Euskal Herriko positibotan tasa, berriz, %3,8koa da.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo zazpi positibo atzeman zituzten Azkoitian. Intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan, 592,51koa da, eskualdeko altuena ez ezik, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrien artean altuena ere. Gorrian jarraitzen du herrian.

Eskualdean, berriz, hamahiru positibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino bost gutxiago. Azkoitikoez gain, bost positibo zenbatu dituzte Azpeitian eta bat Zarautzen. Kolerrei dagokienean, Zumaia eremu laranjan dago. Atzotik jaitsi egin da hango intzidentzia tasa, eta 356,16koa da gaur. Eremu horian daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, baina hiru herrietako bilakaera ez da berdina izan. Azpeitian igo egin da intzidentzia tasa eta 275,95ekoa da; Orion atzoko mailan jarraitzen du, 212,00an; eta Zarautzen 291,26ra jaitsi da.

Herri txikiei dagokienez, mantendu egin dira tasak. Aian 352,64koa da, Errezilen 805,15ekoa eta Zestoan 231,12koa, Aizarnazabalen 260,08koa, Getarian 106,01koa eta hutsean jarraitzen du Beizamakoak.

Hego Euskal Herrian, %3,8ko positibotasun tasa

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 10.715 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 412k eman zuten positibo; %3,8k hain zuzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4,2koa da tasa; Nafarroan, berriz, %2,6koa. Denak daude Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean izateko ezarritako %5eko mugaren azpitik.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 228. Gipuzkoan 101 zenbatu zituzten, Nafarroan 61 eta Araban hogei.

Erietxeetako egoeran, berriz, aldaketa nabarmenik ez. Atzo COVID-19ak jotako 46 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan eta, guztira, 374 lagun daude; horietatik 131 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).