Beste lau kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 18a, 13:26

Zumaiarekin batera, Azkoitia da eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko herri bakarra. Intzidentzia tasak behera egin du atzoz geroztik, baina beste lau kasu zenbatu dituzte herrian. Hego Euskal Herrian %3tik beherakoa da positibotasun tasa, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera.

Osasun Sailak kaleratu du azken orduetan egin diren PCR eta antigeno proben emaitzen berri dakarren txostena.Azkoitian atzo egindako PCR eta antigeno probetan lau kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak.  597,47koa zen azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta gaur 550,78ra jaitsi da; beste 47 puntu egin du behera, beraz.

Eskualdeko herrietan egindako probetan hamahiru kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Apurka bada ere, oro har, apaltzera egin dute intzidentzia tasek eta positibo kopuruak. Nolanahi ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko beste herri batek ere eremu gorriaren barruan sartuta jarraitzen du oraindik orain: Zumaiak. Kasu bakarra zenbatu dute azken 24 orduetan han, eta intzidentzia tada 437,57koa da. Zarautzen, berriz, 355,51koa da tasa, eta bi kasu baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Ostiraletik astelehenerako datuekin, nabarmen egin du behera tasak, ia 100 puntu jaitsi baita herri horretan. Lau kasuren berri izan zuten, bestalde, Azpeitian, eta 282,52ko tasa dute. 

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Zestoan eta Orion ez dute kasu berririk baieztatu azken orduetan. Aian 403,02 da tasa, Aizarnazabalen 260,08, Zestoan 333,85 eta Orion 228,31. Beizamak, aldiz, hutsean jarraitzen du. Errezilen eta Getarian kasu bana zenbatu dute; intzidentzia tasak 1.127,21 eta 106,01 dira, hurrenez hurren. 

Positibotasun tasa %3tik behera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian nabarmen behera egin dute kasu positiboek. Positibotasun tasa %2,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,4koa Nafarroan. Guztira, 11.906 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta 320 kasu zenbatu dituzte: 23 Araban, 157 Bizkaian, 91 Gipuzkoan eta 49 Nafarroan. 

Erietxeetako egoerak ere hobera egin du azken orduetan. Guztira, 389 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan, horietatik 133 Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUan. Atzo, astelehena, 43 pertsona ospitaleratu zituzten. Nafarroan, berriz, 107 pertsona daude ospitaleratuta eta 20 ZIUetan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide