Azkoitiko hondakinen gaikako bilketa datuak, mankomunitateko batez bestekoaren azpitik

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 7a, 08:30

Urtetik urtera hobetuz doaz Azkoitiko gaikako hondakin bilketari buruzko datuak: duela hamarkada bat, bildutako hondakin guztien %29 jaso zuten sailkatuta; 2019an, %64; eta iaz, %67. Hala ere, mankomunitateko batez besteko datuaren azpitik dago Azkoitikoa.

Gaika bildutako hondakinen kopurua haziz doa Azkoitian. Urola Erdiko Mankomunitateak emandako datuen arabera, hondakin guztien %64 gaika bereizita bildu zituzten 2019an, eta iaz %67koa izan zen portzentajea. Hala ere, eta igoerak igoera, mankomunitateko batez besteko datuaren azpitik dago Azkoitikoa. Izan ere, mankomunitateko herrietan, batez beste, hondakinen %71 jaso zituzten gaika iaz.

Azkoitiko Udalak positiboki balioetsi ditu datuok. "Atzera ez dugu egin. Poliki bada ere, aurrera goaz", adierazi du Ana Azkoitia zinegotziak. Hala ere, uste du oraindik ere badagoela hobetzeko tartea eta horretarako lanean jarraitu beharra dagoela, "batez ere, herritarren kontzientziazioan, denon inplikazioa behar beharrezkoa dugulako".

Ildo horretatik, aldaketak etor daitezkeela esan du. "Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlana etengabea da eta aztertzen ari gara zer gehiago egin kopuruak hobetzeko. Adibidez, errefuxaren eta organikoaren bilketan agian aldaketaren bat egingo dugu, sortzaile handien kasuan ordu eta egun jakinetan eginez bilketa, zerbitzu berri bat eskainiz, alegia. Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduei zuzenduko litzaieke. Helburua da ahalik eta ondoen egitea gaikako bilketa, kasu horretan, errefuxarena eta organikoarena, baina hori guztia interesdunekin adostu nahi dugu. Hitz egiten hasi bakarrik egin gara eta alde guztien iritziak ezagutzea falta zaigu ezer egin aurretik".

Zinegotziak nabarmendu du hondakinei loturiko arazorik handienak bolumen handikoekin sortzen direla herrian, "edonon botata uzten direlako eta brigadako langileek arduratu behar izaten dutelako jasotzeaz". Ez daki desinformazioagatik den edo borondate ezagatik. Hori horrela, gogorarazi du bolumen handiko hondakinak Garbigunera eraman behar direla edota Emausi deitu 656 789 574 telefonora, etxean bertan doan jaso ditzaten altzariak edo bestelakoak. Hondakinak zuzen kudeatzen dituzten herritarrei, berriz, egiten duten ahalegina eskertu die, eta horrela jarraitzera animatu ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide