'Birziklatu, zure esku dago' kanpainaren informazio gunea jarri dute liburutegiaren ondoan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 15:32

Birziklatu, zure esku dago kanpainaren baitan, informazio gunea jarri dute liburutegiaren ondoan. Birziklapenaren inguruko informazioa emango dute han jokoen eta tailerren bitartez. Larunbatean, herriko plazan jarriko dute gunea.

Urola Erdiko Mankomunitateak Birziklatu, zure esku dago izeneko kanpaina jarri du abian sailkatutako hondakinen emaitzak hobetzeko asmoz. Kanpainari lotuta, gaur, osteguna, informazio gunea jarri dute Aizkibel liburutegiaren ondoan, eta irekita egongo da 20:00etara bitartean.

Ecoembes eta Ecovidrioren eskutik egingo du kanpaina Urola Erdiko Mankomunitateak, eta herritarrek hondakin mota bakoitza zer edukiontzitara bideratu behar duten azaltzea da helburua. Hala eta guztiz ere, informazio guneko arduradunek adierazi dute edukiontzi horiari eta berdeari emango diotela "garrantziarik handiena". Era berean, okerreko edukiontzira botatako hondakinei garrantzia berezia emango diotela jakinarazi dute. "Edukiontzi berdera botatzen diren zabor txikiek zaborra hondatu eta birziklatzea zailtzen dute. Adibidez, plastikozko tapek eta botilen txapek. Modu horretan, birziklatze tasa hobetu nahi da", adierazi dute. 

Informazio gune irekia da, eta bertan zenbait ariketa, jolas eta tailer egingo dituzte adin guztietako pertsonei bideratuta. Beira identifikatzen eta zaborra sailkatzen ikasteko jokoak, txapa nahiz beira-bolen tailerrak, eta ondo bereizita dauden zaborren erakusketa jarri dituzte ikusgai informazio gunean. Halaber, bertako produktuez osatutako saski bat ere zozkatuko dute informazio gunean jarri duten joko batean parte hartzen duten herritar guztien artean. Parte hartzaileek kristalezko kutxa baten barruan zenbat txapa dauden gordeta asmatu beharko dute.

Larunbatean informazio gunea herriko plazan kokatuko du Urola Erdiko Mankomunitateak. 09:00etatik 14:00etara, jokoetan eta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, hondakinen behar bezalako sailkapenari buruzko informazioa jasotzen duten bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide