'Metamorfosia' txistu eta piano kontzertua izango da igandean parrokian

Anartz Izagirre 2021ko mai. 5a, 10:15
German Ormazabal eta Garikoitz Mendizabal. (Azkoitiko Udala)

Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek eskainiko dute kontzertua, 29. Udaberriko Musikaldiaren barruan. 18:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera irekia eta doakoa izango da.

Hatsaz eta hotsez kontzertuarekin ekin zioten joan zen igandean 29. Udaberriko Musikaldiari, eta bigarren saioa iganden honetan, maiatzak 9, izango da. Hain zuzen ere, Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek Metamorfosia deituriko txistu eta piano kontzertua —izen bereko diskoa ondu dute— eskainiko dute parrokian, 18:30ean hasita, eta emanaldirako sarrera irekia eta doakoa izango da.

Bi musikariek adierazi dutenez, "txistuaren eta pianoaren bilakaera" islatu nahi izan dute emanaldi horren bitartez: "Bi musika tresnen arteko metamorfosia. Txistuaren historia luze eta ederrean iristen da une bat tradizioa, dantza eta folkloreak alde batera utzi gabe, ganbara musika egiteko asmoa". Igandeko kontzertuan txistuarekin eta pianoarekin jotzeko egin diren hainbat obra eskainiko dituzte. Honakoa izango da eskainiko duten errepertorioa: Rapsodia txistu eta pianoarentzat (Eduardo Moreno), Txisturako kontzertua (Naji Hakim), Euskal suitea (Tomas Garbizu), Recuerdos de ayer (David Rivas), Basque Anthology (Naji Hakim) eta Hiru ataletako alborada (Eduardo Gorosarri-Ramon Lazkano).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide