'Hatsaz eta hotsez' kontzertuarekin hasi da Azkoitiko 29. Udaberriko Musikaldia

Nerea Uranga 2021ko mai. 2a, 22:53

Gaur, igandea, hasi da Azkoitiko 29. Udaberriko Musikaldia. Hatsaz eta hotsez kontzertua eskaini dute Azkoitiko parrokian Thierry Biscary abeslariak eta perkusio jotzaileak, Thomas Ospital organo jotzaileak eta Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek.

Gaur, igandea, hasi da Azkoitiko 29. Udaberriko Musikaldia. Maiatzeko bost igandeetan izango dira musika jaialdiko kontzertuak, eta aurten, aforo kontuak tarteko, Azkoitiko parrokian antolatuko dituzte kontzertu guztiak.

Hatsaz eta hotsez kontzertua eskaini dute gaur arratsaldean, 18:30ean hasita, Thierry Biscary abeslariak eta perkusio jotzaileak, Thomas Ospital organo jotzaileak eta Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek. Euskal musika tradizionala eta gaur egungoa tartekatu dituzte parrokiko koroan eta organoan eskaini duten musika emanaldian. Kontzertura joan diren entzuleek pantaila handi batetik jarraitu ahal izan dute saio osoa. Besteak beste, Bateran, Auxotea, Ikusten duzu goizean, Albuk, Elezurtzak, Igorreko jotea, Kirikoketa, Santa Ageda, Ilargilore, Zortzikoa, Agurra, Santa Zeziliari biribilketa, Oi Pello Pello eta Tutuezpata piezak interpretatu dituzte lau musikariek.

Hurrengoan, txistua eta pianoa

Udaberriko Musikaldiaren barruko datorren kontzertua maiatzaren 9an, igandean, izango da, 18:30ean hasita Azkoitiko parrokian. Kasu horretan, Metamorfosia deituriko musika emanaldia eskainiko dute, Garikoitz Mendizabal txistulariak eta German Ormazabal piano jotzaileak. Eskainiko duten errepertorioa honakoa izango da: Rapsodia txistu eta pianoarentzat (Eduardo Moreno), Txisturako kontzertua (Naji Hakim), Euskal suitea (Tomas Garbizu), Recuerdos de ayer (David Rivas), Basque Anthology (Naji Hakim) eta Hiru ataletako alborada (Eduardo Gorosarri- Ramon Lazkano).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide