Juaristi ISBko jokalariak udaleko ordezkariekin izan dira

Anartz Izagirre 2021ko api. 28a, 14:35
Juaristi ISBko kideak eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak. (Azkoitiko Udala)

Manex Ansorregi Azkoitiko jokalaria eta Ibon Guridi kapitaina izan dira udaletxean. Javier Zubizarreta alkatearekin eta Ana Azkoitia nahiz Angel Martin zinegotziekin bildu dira, eta azkoitiarrekin partekatu dute joan den zapatuan irabazitako kopa.

Balentria ikaragarria egin zuen Juaristi ISB taldeak joan den zapatuan, Sant Joan Despiko (Bartzelona) Joan Gamper kirolgunean. Izan ere, Bartzelona B taldea garaitu eta Zilarrezko LEB ligako txapeldun bilakatu zen; horrez gain, datorren denboraldian Urrezko LEB ligan aritzeko txartela lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Norgehiagoka hartan lortutako kopa azkoitiarrekin partekatu nahi izan dute gaur, asteazkena, Iñaki Jimenezen mutilek, eta Azkoitiko Udaleko ordezkariekin bildu dira Manex Ansorregi Azkoitiko jokalaria eta Ibon Guridi kapitaina.

Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia nahiz Angel Martin zinegotziek hartu dituzte bi jokalariak udaletxean, eta zorionak eman dizkiete zapatuko lorpenagatik. "Kirolak sakrifizioa eskatzen du baina bizitzen ari zareten momentuak inork ez dizkizuete kenduko eta beti izango dituzue gogoan", esan die alkateak. Guridi kapitaina, berriz, pozarren agertu da udaleko ordezkarien aurrean: "Irabazteak poza ematen du, baina pandemia garaian ligan jokatzeak eta ikusteak zaletuei poz eman diegula eta partiduekin gozatu dutela, are pozgarriagoa da".

Bigarren aldia

Duela lau urte lortu zuen Iraurgi Saskibaloi Taldeak Urrezko LEB ligara igotzea. 2017-2018 denboraldia maila hartan eginda, orduan Lolo Encinasek gidatzen zuen Sammic ISB taldea berriz jaitsi zen Zilarrezko LEB ligara; beraz, bigarren aldiz lortu dute Juaristi ISBkoek Urrezko LEB ligarako txartela. Bestalde, joan den urtarrilean Zilarrezko LEB Ligako Kopa eskuratu zuen, eta zapatuko partida irabazita, denboraldi bikaina borobildu du Azkoiti-Azpeitiko taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide