Bartzelona menderatuta, Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi du bigarren urtez jarraian

Andoni Elduaien 2021ko urt. 30a, 19:01

82 eta 84 menderatu du Iñaki Jimenezen taldeak Bartzelona. Arauzko neurketa 76na amaitu dute Bartzelonak eta Juaristi ISBk, eta luzapeneko bost minutu gehiago behar izan ditu Azkoiti-Azpeitiko taldeak garaipena lortzeko. 

Juaristi ISB Zilarrezko LEB Ligako Kopako txapelduna da. Joan den urtean Basket Girona mendean hartu zuen moduan, gaur, larunbata, Kataluniako beste taldi bati irabazi dio ISBk; 82 eta 84 garaitu du Juaristi ISBk Bartzelona B taldea luzapenean. Bartzelonako Ciutat Esportiva Joan Gamper kantxan jokatu dute Bartzelona B taldeak eta Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Ligako Kopako finala. Hain zuzen ere, bi taldeak beren multzoetako liderrak dira gaur-gaurkoz, eta horregatik jokatu dute gaurko finala.

Atsedenaldira iritsi aurretik neurketak ez zuen itxura ona Juaristi ISBrentzat. Lehen laurdena izan da ISBk egin duen laurdenik txarrena; izan ere, 28 puntu jaso dituzte eta 11 saskiratu. Hortik aurrera, ordea, poliki-poliki bere onera etortzen hasi da Azkoiti-Azpeitiko taldea; gainerako hiru laurdenak irabazi egin ditu, nahiz eta ez den nahikoa izan arauzko 40 minutuetan garaipena lortzeko. Bigarren laurdenean, kataluniarrek 13 puntu egin dizkiote ISBri, eta Azkoiti-Azpeitiko taldeak 17 puntu egin ditu. Hori horrela, 41 eta 28 iritsi da atzetik Juaristi ISB. Itxura hobea eman duen arren, aldeak handia izaten jarraitzen zuen artean.

Atsedenalditik bueltan, ordea, goitik behera aldatu du Iñaki Jimenezen taldeak neurketa. Jaurtiketetan fin aritu da Juaristi ISB, eta defentsa lanean ere gogor estutu dute Bartzelona. Lan horri esker, azkar lortu dute markagailuan etxeko taldearengana hurbiltzea; hirugarren laurdenaren amaieran markagailuak erakusten zuen lanaren emaitza; 56 eta 55 zen atzetik ISB.

Kevin Buckingham saskiaren bila.

Azken laurdenak zuen, beraz, finala erabakitzeko giltza. Saskiraketa ugariko laurdena izan da azkena, eta Pavel Savkovek esku-eskura izan du azken segundoetan Juaristi ISBri garaipena emateko saskiratzea, baina bakarrik egin duen hiruko jaurtiketa ez du asmatu errusiarrak. Bost minutuko luzapena behar izan dute ondoren Bartzelonak eta ISBk txapelduna izendatzeko.

Luzapenean, segituan hartu du Juaristik aginte makila markagailuan, eta harrezkero ondo zuzendutako jokaldiak sortu ditu erasoan; defentsan, berriz, Bartzelonaren erasoko jokaldiei ondo eutsi die taldeak. Amaieran, 82 eta 84, eta Juaristi ISB txapeldun bigarren urtez jarraian.

Taldekide guztiak "Pino" zioen kamiseta zuriak jantzita zituztela altxatu du Ibon Guridi taldeko kapitain azpeitiarrak txapeldunaren garaikurra –joan zen ekainean hil zen Juan Jose Arakistain Pino, ISBko kidea–. Gainera, federazioak Guridiri eman dio neurketako jokalari onenaren MVP saria; azpeitiarrak hamasei puntu saskiratu ditu eta beste horrenbesteko balorazioa lortu du. Gainerakoan, Beñat Hevia joko antolatzaileak lortu du Juaristi ISBko baloraziorik onena. Pavel Savkov eta Kevin Buckingham, berriz, taldeko saskiratzaile onenak izan dira hamazazpina puntu saskiratuta. Zilarrezko LEB Ligako Kopa eskuratuta, Coviran Granada eta Autocid Burgos taldeek egindako marka berdindu du Juaristi ISBk. 

Ibon Guridik MVParen saria jaso duen unea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide