Javier Zubizarreta alkateak "egonezina" azaldu du herriko egoera epidemiologikoaren aurrean

Anartz Izagirre 2021ko api. 17a, 10:00

Alkateak dio "amorrua eta ezintasuna" eragiten diola arauak betetzen ez direla ikusteak. Bestalde, Zubizarretak adierazi du "konfiantza osoa" duela Udaltzaingoan, eta ez dela bidezkoa haren lana epaitzea "sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan bideoengatik". Herritarrei "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu dizkie alkateak.

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez du etenik Azkoitian, eta aste hasieratik eremu gorrian dago herria, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 400dik gorakoa delako. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 1.210,05eko tasa du gaur-gaurkoz Azkoitiak, eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak "egonezina" azaldu du herriko egoera epidemiologikoaren aurrean.

Zubizarretak azaldu duenez, Azkoitia eremu gorrian sartzea ez zaio "inori gustatzen", hainbat ondorio dakartzalako herrian, eta egonezina azaldu arauen aurrean hainbatek duten jarreragatik: "Arauak ez direla betetzen ikusteak amorrua eta ezintasuna sortzen dizkit. Nola ulertu daiteke bizi dugun egoeran batzuk nahi dutena egitea jakinda zer nolako kaltea eragin dezaketen? Jendea haserre dago eta arrazoiarekin. Neu ere bai, zeren ahalegin guztiak egin arren, honek ez dauka bukaerarik. Gizarte bezala, nola jokatzen ari garen hausnartu beharra daukagu kontraesanak nabariak dira eta".

Horrez gain, alkateak adierazi du udalaren kudeaketa "oso kritikatua" izan dela pandemia garaian "zuzenak ez diren egoerak gertatzen uzteagatik", baina Zubizarretak azpimarratu du "konfiantza osoa" duela Udaltzaingoan: "Ez da bidezkoa bere lana neurtzea sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan bideoengatik, bidezkoa ez den bezala Udaltzaingoari eskatzea maila indibidualean eta familiarrean lortzen ez dena bideratzea. Duela bi hilabete eskas izandako istiluan poliziaren esku-hartzea oso kritikatua izan zen. Oreka bilatzen saiatzen gara eta ez da beti sostengarria, baina udal gisa erantzukizunez eta zentzuz jokatzen saiatzen gara eta berdina eskatzen diegu herritarrei".

Ildo beretik, alkateak dio "etengabeko harremana" duela Osakidetzako nahiz Osasun Publikoko arduradunekin, Udaltzaingoarekin zein Ertzaintzarekin. COVID-19aren intzidentziaren egoera ikusita, "inplikatutako alde guztiekin" bildu dela azaldu du Zubizarretak: "Ez dut justifikaezina dena justifikatuko, baina ezarritako isunek, ordea, erakusten dute ez dutela denek araudia ondo betetzen”. Zentzu horretan, alkatea lanean ari da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak isunen tramitazioa azkartu dezan.

Erantzukizun eske

Alkateak "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu dizkie herritarrei: "Gehiengoa oso ondo ari da egiten, baina bada gutxiengo bat tranpa eta burla egiten ari dena, egin beharrekoa egiten ari diren guztiei. Guztion osasunarekin jokatzen ari gara". Zentzu horretan, Zubizarretak nabarmendu du arriskua gutxitzeko modurik onena arauak betetzea dela: "Errua ondokoari leporatzeko joera dugu baina gutako bakoitzak erabakitzen du non, nola eta norekin egon".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide