Beste hamahiru positibo baieztatuta, milako langa gainditu du Azkoitiko intzidentzia tasak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 14a, 13:19

Gaur-gaurkoz, 1.043,14koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Eskualdean, berriz, 78 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 34 gehiago.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta azken egunotako joerari eutsiz, gaurkoan ere datu kezkagarriak utzi ditu. Atzo beste hamahiru positibo baieztatu zituzten Azkoitian, eta milako langa gainditu du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 1.043,14koa da zehazki.

Eskualdean ere panorama ez da itxaropentsuagoa. Gainontzeko herri guztiak Azkoitiko intzidentzia tasaren azpitik dabiltzan arren, etenik gabe hazten ari da positibo berrien kopuruan. Atzo 78 kasu baieztatu zituzten orotara Urola Kostako herrietan, herenegun baino 34 gehiago.

Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien, hemeretzi, eta hahiru zenbatu zituzten Orion. Azpeitian bederatzi kasu positibo detektatu zituzten, Zumaian zortzi, eta Getarian sei. Aian eta Zestoan ere gorakada nabarmena izan da: kolpera sei kasu berri izan dira Aian, eta lau Zestoan. Errezilen, Beizaman eta Aizarnazabalen, aldiz, ez zuten kasu positiborik detektatu.

Azkoitiaz gain, eskualdeko beste hiru herri daude eremu gorrian: Orio, Zarautz eta Zumaia. Gainera, gora egiten jarraitzen du lau udalerri horietako 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak. Oriok eta Zarautzek 700eko muga pasatu dute, eta Zumaiak 500ekoa. Azpeitia, berriz, eremu laranjan sartu da, 300eko langa gaindituta. Horretaz gain, badira eremu gorrian ez egon arren 400dik gorako tasa duten herriak: Getaria eta Aia.

1.200dik gora kasu Hego Euskal Herrian

Koronabirusa hautemateko 13.929 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian eta, guztira, 1.217 emaitza positibo izan dira: 456 kasu zenbatu dituzte Gipuzkoan, 419 Bizkaian, 214 Nafarroan, 123 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa, hortaz, %8,9koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %8,1ekoa Nafarroan. Lurralde guztietan hazi da tasa, %7,8koa eta %7,7koa izan baitzen herenegungo probetan.

Atzo baino hiru lagun gehiago daude Osakidetzan ospitaleratuta: 433. Horietatik 133, hain zuzen, ZIUetan daude. Ospitaleratze berriek, ordea, behera egin dute Osakidetzan: 90 izan dira azken orduetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide