Astebetean positiboak bikoiztu dira Azkoitian, eta 500eko langa gainditu du intzidentzia tasak

Ihintza Elustondo-Amaia Urbieta 2021ko api. 9a, 13:07

Osakidetzak emandako datuen arabera, 11 positibo zenbatu zituzten atzo herrian, eta azken astebetean 46 izan dira; aurreko astean 21 atzeman zituzten. Astebetean izugarri egin du gora intzidentzia tasak: duela astebete 208,62koa zen zifra hori, eta gaur-gaurkoz 559,13koa. Eremu gorrian jarraitzen du, beraz, Azkoitiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu dituen datuen arabera, beste 11 positibo zenbatu zituzten atzo Azkoitian. Azken egunotan kasuen gorakada nabarmena izaten ari da herrian: azken astebetean 46 positibo zenbatu dituzte, guztira. Joan den astetik, bikoiztu egin da positiboen kopurua; izan ere, 21 kasu atzeman zituzten aurreko astean. Intzidentzia tasak ere izugarri egin du gora: duela astebete 208,62koa zen zifra hori, eta gaur-gaurkoz 559,13koa. Eremu gorrian jarraitzen du, beraz, Azkoitiak.

Azken egunotako joerari eutsi diote koronabirusaren bilakaera aztertzen duten datuek. Atzokoan, 41 positibo berri atzeman zituzten denera Urola Kosta eskualdean. Herenegun baino gutxiago izan baziren ere, oso altua izaten jarraitzen du kopuruak, eta herrietako intzidentzia tasek, orokorrean, gora egin dute.

Atzokoan ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: hamabost. Azken hiru egunetan, guztira, 56 kasu atzeman dituzte herri horretan, eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da bertako intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, 445,45ekoa da tasa herri horretan. Zumaia ere sartu da gaurkoan datu kezkagarriak eman dituzten herrien zerrendan. Bederatzi kasu berrirekin, eremu horian sartu da kostako herria. Atzo 300dik beherakoa bazen ere, orain 335,81ekoa da intzidentzia tasa han. 

Gainontzeko kasuak Aian (1), Azpeitian (2), Getarian (2) eta Zestoan (1) atzeman dituzte, eta herri horietako intzidentzia tasek ez dute gorabehera handirik izan. Eskualdeko beste herrietan ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan. 

1.000 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 13.901 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 1.075ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten kasu gehien atzokoan (334). Bizkaian 314 zenbatu zituzten, Nafarroan 283 eta Araban 140. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,4koa da azken datuen arabera, eta Nafarroakoa, berriz, %8,9koa.

Erietxeen egoeraren inguruko datuak ere kezkagarriak dira. Atzoko paziente kopuru berak jarraitzen du ospitaleratuta (366), baina aspaldiko ospitaleratze berri gehien izan dira azken egunean (74), eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ere azken asteotan egon den gaixo kopuru handiena dago (106).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide