Luken Orbegozo eta Nekane Zalbide, 'Berria'-k etxealdiaz egin duen dokumentalean

Julene Frantzesena 2021ko mar. 26a, 16:00

Berria egunkariak konfinamendu garaiko lau testigantza jaso eta ikus-entzunezko bat ondu du. Lau dira dokumentaleko protagonistak; horietako bi, Luken Orbegozo autismoa duen haurra eta haren ama Nekane Zaldibe. Etxealdia "emozionalki oso gogorra" izan zela aitortu du Zalbidek.

Testigantza konfinatuak, konfinamenduaren ertzetan dokumentala ekoitzi du Berria egunkariak, eta ikus-entzunezkoko protagonistetako bi azkoitiarrak dira. Hain zuzen ere, autismoa duen Luken Orbegozoren eta haren ama Nekane Zalbideren testigantza da horietako bat.

Euskal Herriko biztanle guztien antzera, konfinatuta egon ziren martxoaren erdialdeaz geroztik Orbegozo eta haren familia, baina haien egunerokoa ez zen izan beste askorena bezain eramangarria. Zalbideren hitzetan, "emozionalki oso gogorra" izan zen: "Ume autismodunek behar dute beren bizitza egituratuta edukitze hori... Eta, bat-batean, horrelako eten bat gertatu zenean, harentzat flash moduko bat izan zen".

Dokumentalean beste hiru testigantza ere bildu ditu Berriak; hain zuzen ere, etxealdian haurdun zen Samara Velterena, 80 urteko Bittori Ugarterena eta anbulantzia batean nahiz ZIU batean lanean aritu den Ruth Salaberria medikuarena.

Iazko etxealditik urtebete bete dela-eta egin du lana Berriak; neurri hark bereziki gogor jo zituen zenbait lagunengana jo du egunkariak bideoa ontzeko. "Zaurgarrien suertatu ziren errealitateak bildu ditu, pandemiaren kantoietan gordetzen diren kontakizun horien bozgorailu izateko". Ia 20 minutu irauten du ikus-entzunezkoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide