Positibotasun tasak goranzko joerarekin jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Mireia Galarza 2021ko mar. 20a, 13:17

Hego Euskal Herrian 428 kasu positibo berri atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Azken egunetako datuak kontuan hartuta positibotasun tasak goranzko joerarekin jarraitzen du; atzoko datuen arabera %6,1koa da tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %8,2koa Nafarroan.

 

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek koronabirusarekin lotutako atzoko datu orokorrak kaleratu dituzte. Horien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 326 kasu positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, eta 102 kasu Nafarroan Osasunbideak. Guztira, 428 pertsonek eman zuten positibo atzo Hego Euskal Herrian; herenegun baino 162 positibo gutxiago. Kasuak gutxitu diren arren, positibotasun tasak gora egin du.

Atzo, ostirala, 5.342 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 326 positibo hauteman zituzten. %6,1 da hiru lurralde horietako positibotasun tasa; herenegun, %5,4koa zen tasa. Bizkaian 168 positibo atzeman zituzten atzo, Gipuzkoan 110 eta Araban 47. Lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuen positibo atzo gauzatutako probetan.

Nafarroan, berriz, 1.251 test egin zituzten atzo eta 102 positibo hauteman; %8,2koa da lurralde horretako positibotasun tasa –herenegun %6,2a zen tasa–.

Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, 91 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez ditu herrikako datuak argitaratzen asteburuetan; beraz, astelehenera arte itxaron beharko da tokian tokiko datuak izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide