Beste kasu positibo bat atzeman du Osasun Sailak herrian

Amaia Urbieta 2021ko mar. 17a, 13:14

Herenegun egindako probetan bezala, atzo ere kasu positibo bat zenbatu zuten Azkoitian. Eremu horian sartuta jarraitzen du herriak.

Plazaratu berri dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusari buruzko datu eguneratuekin atera ohi duen txostena. Atzoko probetan ere beste kasu positibo bat atzeman zuten Azkoitian. Hori horrela, intzidentzia tasak gora egin du herrian; eremu horian jarraitzen duen arren, 91,80an kokatu da.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, zazpi kasu positibo berri baieztatu zituzten atzo, gehienak Zumaian: lau. Hori dela eta, 132,29tik 162,82ra igo da azken egunean herri horretako 14eguneko tasa 100.000 biztanleko. Gainontzeko hiru kasuetatik bi Zarautzen atzeman dituzte eta bat Azkotian. Bi herri horietan ere igo egin da apur bat intzidentzia tasa: Zarautzen kasuan 197,03tik 205,59ra, eta Azkoitian 83,45etik 91,8ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu positibo berririk atzeman, baina intzidentzia tasek, orokorrean, mantentzera edo apur bat igotzera egin dute.

Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen semaforoaren sisteman herri bakoitzak zuen kolorea ez zuela kontuan hartuko aurrerantzean, baina nabarmena da azkenaldian kolore dantza gutxi sumatzen dela eskualdeko herrietan. Azken boladan ez dira eremu horitik atera 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herriak; ez da guztiz seinale txarra egoera ez delako asko okertu, baina badirudi asko kostatzen ari dela intzidentzia tasa behar adina jaistea.

500 kasutik gora

Hego Euskal Herrian 500 positiboen langa igaro zuen atzo atzemandako kasu berrien kopuruak. Zehazki, egindako 11.105 proba diagnostikoetatik 501ek eman zuten positibo. Beste behin, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien:205. 118 kasu atzeman zituzten Gipuzkoan, 69 Araban, hamar hiru lurralde horietatik kanpo, eta 99 Nafarroan. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,5ekoa da atzoko datuen arabera, herenegungoa baino apur bat altuagoa. Nafarroako positibotasun tasa, berriz, %4,4koa da; puntu bat baino gehiago igo da atzotik.

Erietxeetako egoerari dagokionean, 39 lagun ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta ospitaleratutak atzo baino bi gutxiago badira ere (222 gaur eta 224 atzo), igo egin da apur bat Zainketa Intentsiboen Unitatean dauden gaixoen kopurua: 101 dira azken txostenaren arabera, eta 98 ziren atzo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide