Anaitasunako gizonek Espainiako Hirugarren Mailan jarraituko dute datorren denboraldian

Julene Frantzesena 2021ko mar. 14a, 09:41
Anaitasunako jokalariak partida bukatu ostean aldagelan. (Anaitasuna)

Mikel Arzalluzek penaltiz sartutako golari esker, hiru puntuak etxean gelditu ziren. Datorren astean atsedena izango dute Anaitasunako gizonek, baina gero bigarren fasea hasiko dute, mailaz jaisteko aukerarik gabe baina Espainiako Bigarren B mailarako igoera fasera sailkatzeko aukerarekin.

Anaitasunako gizonen lehen taldeak mailari eusteko aukera baliatu zuen atzo, zapatua, Txerloia futbol zelaian. Pasaiaren kontra jokatu zuten norgehiagoka Xabier Artetxeren mutilek, eta Mikel Arzalluzek penaltiz sartutako golari esker, hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Garaipena tarteko, Anaitasunako gizonek, gutxienez, beste denboraldi bat egingo dute Espainiako Hirugarren Mailan. Lehen fasea bukatzeko azken partidan faltan lortu du taldeak mailari eustea, eta ez da nolanahiko balentria egin duena; izan ere, 32 urte dira Anaitasunak Espainiako Hirugarren Mailari eustea lortu zuenetik.

Datorren astean atsedena izango dute Anaitasunako gizonek, baina gero –data zehazteko dago–, bigarren fasea hasiko dute, mailaz jaisteko aukerarik gabe baina Espainiako Bigarren B mailarako igoera fasera sailkatzeko aukerarekin.

Atzo, partida hasi aurretik, duela bi aste hil zen Kruz Mari Alberdi Poxpi-ren oroimenezko minutuko isilunea egin zuten Txerloian; tarte horretan Anaitasunaren ereserkia jo zuen dultzainarekin Asier Ostolazak. Poxpi Anaitasuna futbol taldeko presidentea izan zen 1970-1971 denboraldian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide