Kruz Mari Alberdi 'Poxpi' hil da

Andoni Elduaien 2021ko ots. 26a, 10:57
Poxpi, dultzaina jotzen.

Bart hil da Poxpi musikaria, 77 urte zituela. Gazte-gaztetatik izan zuen musikarekin lotura estua: bandako kidea izan zen eta herriko trikitilariekin hainbat lan egindakoa zen. Azkoitiarraren hileta elizkizuna bihar, larunbata, izango da parrokian.

Kruz Mari Alberdi Poxpi (Azkoitia, 1943) hil da bart Azkoitian, 77 urte zituela. Musikari lotuta urte asko pasatu zituen azkoitiarrak; izan ere, gazterik hasi zen musika ikasten. Tronpetarekin aritu zen aurrena, eta 13 urterekin atera zen lehen aldiz Azkoitiko bandarekin kalejiran. Gero, klarinetea, tronpa eta saxofoia jotzen hasi zen. Etxetik zetorkion musikarako zaletasuna, haren aitak gitarra eta ahoko soinua jotzen baitzituen. 

Musika bandako kidea izan zen Poxpi; hain zuzen, saxofoia jotzen zuen. Gaztea zela, Madariaga, Urrategi, Martirieta eta inguruko auzoetara joaten zen bandarekin emanaldiak eskaitzera nahiz erromeriara. Gerora, Candido Beristainekin Dimas orkestran parte hartu zuen, baita Azkoitiko Beti Alai orkestran ere. 

Laja eta Landakanda trikitilariekin ere hasi zen erromerietan eta ezkontzetan. Sei disko grabatu zituen Laja eta Landakanda, Jauregi, Berastegi, Egurrola zein dultzaineroekin. Herrietako plazetan aritu zen saxofoia jotzen, baina dultzaina ere beti eraman ohi zuen aldean. Herriko trikitilariekin andramaixetan eta sanandresetan dultzaina joz urte asko egin zituen Poxpik. Letrak ere konposatu zituen. Hain zuzen ere, Din-Don abesti ezaguna senitartekoekin batera sortu zuen –bere familiaren historiari lotutako abestia da Din-Don–

Musikarekin ez ezik, kirolarekin nahiz gizarte alorrarekin ere izan zuen lotura azkoitiarrak: Anaitasuna futbol taldeko presidentea ere izan zen 1970-1971 denboraldian, Azkoitiko Gazteen Gurutze Gorriko presidentea eta sortzailea ere bai. Udaletxean zinegotzi kargua ere izan zuen Alberdik. Gainera, Azkoitian odol emaileen elkartea martxan jartzeko presidente bezala lan egin zuen haren hastapenetan. Azkoitiko musika eskolaren sorreran ere parte hartu zuen Poxpik.

Poxpiren aldeko hileta elizkizuna bihar, larunbata, 19:00etan izango da Azkoitiko Jasokundearen parrokian.

"Zer ez dio eman herri honi?"

Azkoitiko Udalak Poxpik egindako lana goraipatu du Twitterren eskegitako txio batean. Hala dio: "Zer ez zen Poxpi? Zer ez dio eman herri honi? Musika eta bizipoza eraman ditu joandako tokira".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide