'Hobien kokapena ikertzeko 2015-2020 aldirako plana'-ren balantzean, Madariagako hobia jasota

Nerea Uranga 2021ko ots. 27a, 08:42

Madariagan aurkitutako gorpuzkiak.

Hobien kokapena ikertzeko eta aztertzeko 2015-2020 aldirako plana-ren balantzea aurkeztu zuen ostiralean Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 110 pertsonen gorpuak berreskuratu dituzte, 128 leku aztertu ondoren. 46 desobiratze egin eta ikertu dituzte, eta horietako bat Azkoitian, Madariaga auzoan. Jaurlaritzaren eta Aranzadi zientzia elkartearen hemezortzi urtetako elkarlanaren emaitza da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako ikerketa, guztira, 1936ko gerran hildako 110 pertsonen gorpuak berreskuratu dituzte.128 leku aztertu dituzte eta horietatik 46tan aurkitu hobiak; horietako bat Azkoitiko Madariagan aurkitutakoa da. Hobien kokapena ikertzeko eta aztertzeko 2015-2020 aldirako plana-ren balantzearen aurkezpenean eman zuen horren berri Eusko Jaurlaritzak.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak eta Paco Etxeberria Aranzadi zientzia elkartearen ordezkariak parte hartu zuten ostiralean, Bilbon Gogoraren egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian. Urkulluk adierazi zuen "biktimen duintasuna eta memoriarako eskubidea" bultzatu nahi izan dutela planarekin: "Gure konpromisoa oinarri sendoetan eta printzipio etikoetan finkatutako memoria duen etorkizuna eraikitzea da".

Planaren balantzean jasotako hobietako bat Azkoitiko Madariaga auzokoa da. Toki horretan, 30-40 urte arteko gizonezko baten eskeletoa aurkitu zuten 2007ko abenduaren 15ean. Zazpi egun geroago, abenduaren 22an, hobitik gorpuzkiak atera zituzten, eta egun horretan bertan, omenaldi ekitaldia egin zuten Madariagan Azkoitiko eta Elgoibarko udalek eta hainbat pertsonek. Handik urte batzuetara, Madariagan aurkitutako gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gorde zituzten, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuak antolatutako ekitaldi batean. Azkoitiko Udaleko ordezkariek ere parte hartu zuten omenaldi hartan.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Miguel Angel Bastida orduko zinegotzia, 2007ko abenduan, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan egindako ekitaldian.

Beatriz Artolazabal sailburuak Gerra Zibileko Euskadiko desobiratzeak txostena laburbildu zuen ekitaldian, eta agiri hori Gogora institutuaren webgunean jaso dutela azaldu zuen; atari horretan, desobiratzeen mapa geolokalizatua ageri da, hobi bakoitzari buruzko informazio fitxarekin. Hemen kontsulta daiteke txostena.