Madariagan aurkitutako Gerra Zibileko biktima baten gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu dituzte

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 30a, 17:34

Javier Zubizarreta alkateak eta Miguel Angel Bastida zinegotziak Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldian parte hartu dute.

Javier Zubizarreta alkateak eta Miguel Angel Bastida zinegotziak Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldian hartu dute parte gaur. Bertan Gerra Zibilean desagertutako eta Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteotan lurpetik atera dituen 27 pertsonen gorpuzkiak hilobiratu dituzte, besteak beste, Madariaga auzoan aurkitutakoak.

 

Urkullu Lehendakariak inauguratu du Kolunbarioa senitartekoekin, historia eta memoria elkarteetako kideekin eta ordezkari politikoekin batera. Desagertutako 27 pertsonetatik 25, identifikatu gabekoak dira. Elkarteek eta gorpuzkiak aurkitutako herrietako udal ordezkariek hilobiratu dituzte gorpuak. Guztira 12 udalerritan aurkitu dituzte, besteak beste, Azkoitia, Andoain, Elgeta, Elgoibar, Mutriku edota Zaldibia.

Javier Zubizarretak eta Miguel Angel Bastidak 2007ko abenduan Aranzadik lurpetik ateratako pertsona baten gorpuzkiak hilobiratu dituzte. Ikerketen arabera, 1936ko irailean Madariaga auzoan tiroz hil zuten 25 urte inguruko gazte batenak dira. Eraila izan eta handik 71 urtera atera zituzten gorpuzkiak. Gaurtik Kolunbarioan daude, Elgoibarko Olaso hilerriaren inguruan.

Urkullu lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, 27 pertsona horien memoria ohoratuta, Gerra Zibilean askatasuna eta demokrazia babesten desagertu ziren pertsona guztiak ditugu gogoan. “Amaitu da iluntasunaren eta isiltasunaren garaia”, esan du.

Urkulluk esan du gerran desagertu ziren pertsonak “injustizia kriminal baten biktima izan zirela, eta haien familiek sufrimendu bidegabea” jasan dutela. Espazio hori ahanzturatik memoriarako urratsaren edo iluntasunetik argitarako urratsaren ikurra dela erantsi du lehendakariak.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak ireki du ekitaldia eta Aranzadiko lehendakariak, Paco Etxeberriak hartu du hitza ondoren. Hautetsontzietan “ez daude hezurrak. Pertsonak daude, beren sentimentu eta familiekin”. “Hildakoei ez zaie axola non dauden baina bizirik daudenei bai”.

Kolunbarioa desagertutakoen memoria gordetzeko eta duintasuna berreskuratzeko tokia da.

Ekitaldia lore eskaintza batekin amaitu da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide