Positibo batekin, atzera eremu horira itzuli da Azkoitia

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 25a, 14:14

Atzo positibo berri bat baieztatu zuten herrian, eta zertxobait igo egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa —58,42koa zen atzo eta 66,76koa da gaur—, eta atzera berriz eremu horira itzuli da Azkoitia. Dena dela, oraindik ere 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasarik baxuena du. Atzo, orotara, zazpi positibo zenbatu zituzten Urola Kostan.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren inguruan eguerdiro kaleratu ohi duen txostenaren arabera, atzo positibo bat atzeman zuten herrian. Ondorioz, zertxobait igo egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa —58,42koa zen atzo eta 66,76koa da gaur—, eta atzera eremu horira itzuli da herria. Dena dela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasarik baxuena Azkoitiak du. 

Eskualdean ere bare jarraitzen du egoerak. Atzo zazpi positibo zenbatu zituzten guztira. Herenegun baino sei gutxiago dira, eta azken datu horrekin baieztatu daiteke intzidentzia tasaren beheranzko joera ia herri guztietan. Azkoitiarekin batera, eremu horian jarraitzen dute Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak ere. Orion eta Zarautzen positibo bana zenbatu zuten atzo, eta 179,39ko eta 175,61eko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Azpeitian ez zuten kasu positibo bat bera ere zenbatu, eta beraz, behera egin du nabarmen tasak; 170,83koa da gaur. Zumaian, berriz, bi positibo atzeman dituzte, eta hamar puntu igo da tasa –172,99koa zen atzo; 183,17koa gaur–. Gainontzeko bi positiboak Getarian eta Zestoan atzeman zituzten, bana herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Positibotasuna %4tik behera

Hego Euskal Herriko datuak ere jakinarazi dituzte Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 11.916 proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 468k eman zuten positibo. Emaitza positiboen ehunekoa, beraz, % 3,9koa da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233. Gipuzkoan 103 izan ziren atzemandako positiboak, Araban 65 eta Nafarroan 63. 

Erietxeetan ere hobera egin du egoerak, eta jaisten ari da presioa. Osakidetzan gaitza larriagotuta ospitaleratutakoak guztira 332 dira; horietatik 57 ospitaleratu zituzten herenegun. Zaintza Intentsiboen Unitatean daude 129, atzo baino hiru gutxiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide