100 urtetik gorako herritarren txertaketa guneetako bat izango da Azkoitiko anbulatorioa

Andoni Elduaien 2021ko ots. 24a, 08:22
Azkoitiko anbulatorioa.

Nagusienei txertoa jartzeko 25 txertaketa gune inguru zehaztu ditu Osasun Sailak, eta horietako bat izango da Azkoitiko anbulatorioa. Gaur hasiko dira lehen herritarrak txertatzen.

Osakidetza gaur, asteazkena, hasiko da 100 urtetik gorako herritarrei txertoa jartzen. Guztira, 25 txertaketa gune zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta gune horietako bat izango da Azkoitiko anbulatorioa. Eskualdean, Zarauzko DYA gela ere izendatu dute txertaketa gune moduan. Osasun Sailak jakinarazi duenez, txertaketa guneen kopurua areagotzeko planteamendua martxan dago. Osasun Sailaren arabera, helburua irisgarritasuna "erraztea" da, herritarrak zentrora joan ahal izan daitezen. Horri lotuta, txertaketak arratsaldeetan eta asteburuetan ere egingo dituztela nabarmendu du.

Era berean, Osakidetzak lurralde bakoitzeko gune nagusi bat finkatuko du, nagusiak ibilgailuan gune nagusi horietara joan eta txertoa ibilgailutik irten gabe jar dezaten. Gipuzkoako gune nagusia Donostia Ospitalean ezarri du Osasun Sailak. Praktika hori eraginkorra bada, aurrerago "gune gehiago" zehaztea baloratuko dutela adierazi du Jaurlaritzak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gogorarazi du, Osakidetzak deituko diola 100 urtetik gorako herritar bakoitzari, hitzordua eskaintzeko zein txertoa non eta noiz jarriko zaien zehazteko. Halere, nabarmendu du "ahal dela" anbulatorioan jarriko zaiela guztiei txertoa. Mugitzea komeni ez den kasuetan, berriz, osasun langileak etxeetara bertaratuko direla gaineratu Sagarduik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide