Positibo bakarra atzeman dute Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 9a, 13:36

100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua beste koska bat jaitsi da, eta 325,46 da egun. Eskualdean, orotara, bederatzi positibo zenbatu zituzten atzo, aspaldiko gutxien.

Denboralea baretzen ari dela dirudi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian jakitera emandako datuen arabera, atzo positibo bakarra baieztatu zuten Azkoitian, eta beste koska bat jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua: 325,46 da egun.

Urola Kostan ere aspaldiko positiborik gutxien zenbatu zituzten atzo: bederatzi. Horietatik lau Azpeitian atzeman zituzten, eta 873,85tik 808,15ra jaitsi da hango intzidentzia tasa. Eremu gorrian jarraitzen du oraindik, baina azken egunotan nabarmen hobeto da egoera. Orio da gorrian jarraitzen duen beste herria. Atzo positibo bakarra atzeman zuten han, baina kasu metatuen tasak oso goian jarraitzen du: 1.255,71ko tasa zuen atzo kostaldeko herriak. Alde positibotik begiratuta, bezperakoa baino 33 puntu baxuagoa da tasa gaur-gaurkoz. 

Beste positiboak Zestoan –bi– eta Zarautzen —bat— zenbatu zituzten. Zumaian, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituen positiborik atzeman atzo.

Mila positibotik behera Hego Euskal Herrian

Olatua badirudi Hego Euskal Herritik urrutiratzen hasi dela. Atzo ere mila positibotik behera izan ziren lau lurraldetako datuak batu ondoren.

Osakidetzak emandako datuen arabera 723 kasu detektatu zituzten egindako 12.320 probatan, %5,9ko positibotasun tasarekin. Bezperako kopurua baino handiagoa da, baina PCR eta antigenoen proba gehiago ere egin zituzten atzo. Araban 99 positibo izan zituzten, 399 Bizkaian, 216 Gipuzkoan eta beste lurralde batzuetako beste bederatzi kasu. 93 lagun ospitaleratu zituzten, eta 157 lagun zeuden ZIUetan, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan, kutsatzeek gora egin dute berriro, bi egunez ehunetik behera egon ondoren. Atzo 138 kasu atzeman zituzten, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. 2.883 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik %4,8k eman zuten positibo. Horrenbestez, positibotasun tasa berdin mantendu da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide