Sestao River menderatu du San Juanen Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak

Andoni Elduaien 2021ko urt. 31a, 08:30
Paula Kalzakorta, baloiarekin.

3 eta 0 menderatu zuen Anaitasunak Sestao River. Denboraldian lehen aldiz San Juan futbol zelaian jokatu zuen atzo taldeak, baina ez zuen eraginik izan. 

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldea garaipenaren bidera itzuli zen atzo, larunbata, etxean. Asteazkenean Bizkerre B taldearen aurka 0 eta 4 galdu ondoren, atzo Sestao River taldea izan zuen aurkari. Denboraldian lehen aldiz San Juan futbol zelaian aritu zen Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldea, baina ez zuen zelai aldaketak eraginik izan. 3 eta 0 irabazi zuen Anaitasunak Sestao Riverren aurka, eta denboraldiko hamargarren garaipena eskuratu zuten horrela. 

Hasiera-hasieratik nagusitu zen Anaitasuna berdegunean, eta laster hartu zuen aurrea. 7. minutuan, Eneritz Garatek atezaina gaindituta uzteko pasea egin zion Oihana Goenagari, eta atea hutsik zuela, jokalari gazteak aurretik jarri zuen taldea. Gorrixek ondo kokatuta zeuden zelaian, eta horren adibide izan zen bigarren gola ere. Bisitarien atezainak huts egin zuen baloia areatik urruntzean, eta Paula Kalzakortak aldaratzea jasota, baloia atezainaren gainetik loratu zuen Anaitasunaren bigarren gola egiteko; gol dotorea lortu zuen Kalzakortak. Sestao River baino gehiago izaten jarraitu zuen Anaitasunak jokoan, baina atsedenaldira bitartean area zapaltzea gehiago kostatu zitzaion. Bisitariek, berriz, lan gutxi eman zioten atzo Maialen Agirre atezainari. 

15 minutuko atseden etenaren ostean, erasora irten zen Anaitasuna, neurketa erabakita uztera; eta segituan lortu zuen. 52. minutuan, Ainhoa Galarragak jokoan jarritako kornerrean Lorea Ruedak baloia lehen zutoinaren parean ukitzea nahikoa izan zuen tadearen hirugarren gola egiteko. Ordutik aurrera lasaitasunez aritu ziren neskak, eta aurkariaren area ingurura iritsi baziren ere, ez zuten aldea handitzerik lortu. Sestao River taldeak, berriz, 87. minutuan izan zuen abagune garbia gola egiteko; errematea, ordea, atetik kanpora jaurti zuten bisitariek.

Lehen fasea amaitzeko bost neurketa besterik ez zaizkio gelditzen Anaitasunari, eta gero eta gertuago du igoera faserako sailkatzea. Bi neurketa etxean jokatu ondoren, datorren asteburuan sailkapenaren erdian dagoen Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak.

Gizonen taldea, gaur

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak, bestalde, Vitoria taldea jasoko du gaur, Txerloian, 16:30etik aurrera. Artetxeren taldeak baino lau puntu gehiago dituen taldea izango dute aurkari etxean, eta denboraldi amaierara bitartean bestelako helburuegatik borroka egin ahal izateko hiru puntu garrantzitsu eskuratzen ahaleginduko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide