Ligako lehen porrota jaso du Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak

Andoni Elduaien 2021ko urt. 28a, 08:30

Anaitasunako jokalariak, korner jokaldi batean.

Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak 0 eta 4 galdu zuen etxean atzo, asteazkena. Ligako lehen porrota da, orain arte jokatutako neurketa guztiak irabazita baitzegoen taldea.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak galdu egin zuen atzo, asteazkena, Bizkerre B taldearen aurka Txerloia futbol zelaian. Gorrixek 0 eta 4 galdu zuten bizkaitarren aurka, eta modu horretan ligako lehen porrota jaso zuten. 

13. minutuan hartu zuen aurrea Bizkerrek. Anaitasunari asko kostatu zitzaion kanpoko taldearen lerroak haustea eta abagune gutxi sortu zituzten. Hala eta guztiz ere, azkoitiarrek jokoa orekatzea lortu zuten atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatiaren hasieran, ordea, Bizkerrek bigarren kolpea eman zuen mahai gainean, Anaitasuna erabat jokoz kanpo utziz; hasi eta minutu gutxira lortu zuten kanpokoek bigarren gola. Etxekoak ahalegindu ziren berdinketa lortzen, baina zelai erditik aurrera egitea lan zaila izan zen atzo Anaitasunarentzat. Gainera, amaitzeko minutu gutxiren buruan bi gol egin zituzten bizkaitarrek hegaletatik iritsita. 

Modurik gordinenean iritsi da nesken denboraldiko lehen porrota. Orain arte jokatutako hamar jardunaldietatik bederatzi jarraian irabazita zen atzora arte Anaitasuna, eta 27 punturekin lider sendoa izaten jarraitzen du bere multzoan. Zarautz bigarren sailkatua zazpi puntura dute orain, eta atzo arerio izan zuen Bizkerre B bederatzi puntura.

Gaurkoa ahaztu eta sasoiko hamargarren garaipena lortzeko aukera, ordea, inoiz baino goizago izango dute neskek. Etzi, larunbatean, Sestao River taldea jasoko dute etxean, 16:30ean. Halere, aurten lehen aldiz San Juan futbol zelaian arituko dira. Gizonezkoen lehen taldeak, berriz, igandean 16:30ean jokatuko du Txerloia futbol zelaian, Vitoria taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide