Intzidentzia tasa metatuak behera egin du Azkoitian bigarren egunez jarraian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 27a, 13:40

375,53koa da tasa herrian, eta eremu laranjan sartuta jarraitzen du. Hego Euskal Herrian atzo ere mila kasu baino gehiago atzeman zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratu duen txostenaren arabera, beste hiru kasu positibo detektatu zituzten atzo, asteartea, Azkoitian egindako PCR eta antigeno probetan. Azken zazpi egunetan 27 kasu zenbatu dituzte herrian. Martxoaz geroztik, berriz, 911 azkoitiarrek eman dute dagoeneko positibo, hau da, biztanleriaren %7,6ak. 

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatuak, ostera, behera egin du bigarren egunez jarraian. 417,27koa zen zenbatekoa astelehenean asteburuko hamar kasuen ondoren, eta 392,22koa zen atzo, asteartea; gaur, asteazkena, 375,53koa da tasa.

Pandemiak protagonizatutako eskualdeko ezusteko handiena Orion izan dute gaur: hamabost positibo zenbatu zituzten atzo kostaldeko herrian, eskualdean zenbatutako 34 kasuetatik ia erdia. Positiboen hazkunde honen ondorioz, Orioko intzidentzia tasa milako langara hurreratu da: 929,55 tasa zuen atzo kostaldeko herrian.

Zestoan ere kezkarekin bizi dute egoera. Atzo beste sei positibo detektatu zituzten herrian, eta kasu metatuen tasak milako langa gaindituta jarraitzen du: 1.155,62 tasara igo zen atzo. 28 kasu izan dituzte Zestoan azken zazpi egunetan.

Kezka herri batzuetan, une bateko lasaitua beste batean. Azken egunetako positiboen olatuaren ondoren, atzo bi kasu besterik ez zituzten detektatu Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak milatik gora jarraitzen du –1084,10– hala ere. 

Zumaian behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,21era jaitsi da. Milako langatik hurbil izan zen Zumaia orain astebete inguru, eta ordutik beherantz doa tasa. Zarautzen hiru kasu izan zituzten atzo, eta bakarra Aian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik zenbatu atzo.

Mila kasutik gora

Hego Euskal Herrian ere datuak handiak dira, izan ere 1283 kasu atzeman zituzten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 1.104 positibo detektatu zituen egindako 15.837 probatan. Positibotasun tasa zertxobait jaitsi da; %7koa zen atzo. Nafarroan 3.514 proba egin zituzten atzo, eta hauetatik 179k eman zuten positibo. Positibotasun tasa %5,1era jaitsi da lurralde honetan. Nafarroako gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.

Lurraldeei dagokionez, Araban 179 kasu izan zituzten, 609 Bizkaian eta 297 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpoko hemeretzi lagunek ere positibo eman zuten. 89 lagun ospitaleratu zituzten atzo, baina hori baino kezkagarriagoa da ZIUen egoera: 134 lagun zeuden atzo Osakidetzako erietxeetako zaintza intentsiboko unitateetan, bezperan baino bederatzi gehiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa 1,11koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste; 1,13koa da Gipuzkoan.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide