Bost kasu positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak herrian

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 26a, 13:49

100.000 biztanleko kasu metatuen tasa 417,27 tik 392,22ra jaitsi da atzoko datuen ondoren. Hego Euskal Herrian mila positibotik gora detektatu zituzten atzo ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bost kasu positibo berri hauteman zituen Azkoitian atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno probetan. Azken zazpi egunetako Azkoitiko bigarren daturik txarrena bada ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak behera egin du atzoz geroztik. 417,27koa zen zenbatekoa atzo, eta 392,22koa da gaur.

Eskualdean, guztira, 34 kasu positibo hauteman zituzten. Beste egun batez Azpeitia izan da herririk kolpatuena. Hamalau positibo atzeman zituzten han, eta gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak: 1.084,10koa da egun. Eremu gorrian egonik, ostalaritza itxita eta taldean kirola egitea eta eskola kirola debekatuta dituzte joan den astetik, baina egoera "oso larria" dela iritzita, are neurri zorrotzagoak hartu ditu Azpeitiko Udalak, herriko hainbat eragilerekin hitz eginda. Horrela, gutxienez otsailaren 8ra arte itxita egongo dira udal instalazio guztiak eta bertan behera geldituko dira herrian antolatuta zeuden ekitaldi guztiak.

Zestoako egoera ez da askoz hobea. Atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.001,54koa da intzidentzia tasa. Han ere eremu gorriko murrizketak indarrean dituzte joan den astetik, baina oraingoz ez dute balio izan egoerari buelta emateko. Orion ere antzera; beste hiru positiborekin, 750,16koa da intzidentzia tasa; atzotik ez da igo, baina ezta jaitsi ere.

Aizarnazabal eta Zumaia dira ostalaritza itxita eta taldeko kirola debekatuta dituzten eskualdeko beste bi udalerriak. Horietan, baina, poliki-poliki bada ere, egoera hoberantz doa. Zumaian lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta 661,44koa da intzidentzia tasa. Aizarnazabalen, aldiz, ez dute positiborik izan azken egunotan. Zarautzen, berriz, bi positibo berrirekin, 222,73koa da tasa, eremu gorrian sartzeko 500eko langatik urrun.

Aian eta Errezilen positibo bana zenbatu zuten atzo. Bietan 500dik gorakoa da intzidentzia tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herriak izanik, ostalaritza ixteko erabakia hartzeko garaian osasun eremuko egoera ere kontuan izaten du Jaurlaritzak. Eta horretan badago alderik bataren eta bestearen artean. Aiaren osasun eremuan 500dik beherakoa da intzidentzia tasa; aldiz, Errezilenean gorakoa. Beraz, ikusteko dago Jaurlaritzak zer erabaki hartuko duen osteguneko berrikusketan. Beizaman eta Getarian ez zuten positiborik atzeman atzo.

Mila positibo

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, beste 1.340 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 16.688 proba egin ziren Hegoaldean, eta %8 izan zen positiboen portzentajea. Bezperan, berriz, %8,7 izan zen. Lurraldeka, Bizkaian 628 kasu detektatu zituzten; Gipuzkoan, 331; Nafarroan, 239; eta Araban, aldiz, 138 izan dira azken egunean.

Atzo 86 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur-gaurkoz gaixorik dauden 673 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 125 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide