Bi kasu positibo gehiago zenbatu zituzten astelehenean herrian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 19a, 13:16

Eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak, baina eskualde osoko herri gehienetan intzidentzia tasaren joera goraka doa. Hego Euskal Herrian kasu positiboak milatik gorakoak izan ziren atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ater aberri du pandemiari lotutako txostena, eta jakinarazi duenez Azkoitian beste bi kasu positibo hauteman dituzte. Semaforo laranjan du sartuta Osasun Sailak Azkoitia, izan ere azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa 367,19koa da herrian. Zenbateko horrek, gainera, gora egin du zertxobait atzotik; 358,84koa zen kasu metatuen tasa atzo Azkoitian. Martxoan lehen kasua herrian detektatu zutenetik 880 azkoitiarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probetan. Azken hamalau egunetan, gainera, 45 kasu zenbatu dituzte, azken astean 21.

Urola Kosta eskualdean, berriz, 21 kasu hauteman dituzte orotara. Hirugarren olatuaren aparrean, Orion detekatu zituzten kasu gehien –bost guztira– eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan: 554,47ko intzidentzia tasa zuen herenegun, eta 636,01ekoa atzo. Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Oriok, eta ondorioz gaurtik herria itxita dago: 500eko langa jaitsi arte ezingo da sartu-irtenik egin han.

Eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko beste herria Zumaia da. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du. 926,02ko tasarekin, 5.000 bizilagunetik gorako herrietan Gipuzkoako handiena izaten jarraitzen du. Gaur egun zazpi udalerri daude Gipuzkoan eremu gorrian. Azpeitian ere semaforoak laranja kolorean piztuta jarraitzen du. Atzo lau kasu izan zituzten Azpeitian, eta kasu metatuen tasak bere horretan jarraitzen du Azpeitian –413,93–.

Eskualdeko beste bi herritan izan zituzten atzo positiboak: lau Zestoan, eta hiru Zarautzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan.

Kasuak gorantz

Neurriak zorrozteak ez du oraingoz emaitzarik eman Hego Euskal Herrian. 1.132 kasu izan ziren atzo, eta egindako proben positibotasun tasak oso goian jarraitzen du. 10.755 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 894 lagunek eman zuten positibo, %8,3ko positibotasun tasarekin. Bizkaian izan ziren atzo kasu gehien –530–; 132 baieztatu zituzten Araban, eta 227 Gipuzkoan. Beste jatorri batzuetako bost positibo ere izan ziren atzo. 82 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, "COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik". ZIUn, berriz, 96 lagun zeuden atzo.

Nafarroan, berriz, 2.724 proba egin zituen astelehenean Osasunbidek, eta 238k eman zuten positibo. Lurralde horretako positibotasun tasa %8,7koa zen atzo; zenbateko handia da, baina bezperan izandako %11,7tik hiru puntu jaitsi da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide