Azkoitiko hainbat ostalari, Jaurlaritzaren aurrean

Andoni Elduaien 2021ko urt. 11a, 13:51

LABIren Aholku Batzordea 12:00etatik bilduta dago Jaurlaritzan, eta atarian hainbat ostalari elkartu dira sektorearen defentsa egiteko.

SOS Ostalaritza plataformak deituta, ostalariek elkarretaratzea egin dute gaur, Gasteizen. Sektorearen defentsan eta koronabirusagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarrita dauden neurri murriztaileen aurka egiteko elkartu dira. LABIren Aholku Batzordeak 12:00etan hasi du batzarra, neurri berriak ezarri ala ez erabakitzeko, eta orduz geroztik Eusko Jaurlaritzaren aurrean daude ehunka ostalari, baita Azkoitiko hainbat ostalari ere.

SOS Ostalaritza plataformak sare sozialetan zabaldutako mezuan salatu duenez, "beste behin ere, gure etorkizuna erabakitzen, gurekin kontatu gabe". Ez da azken aldian ostalaritza sektoreko profesionalek egin duten mobilizazio bakarra. Izan ere, "irtenbidea eta sektorearentzako erreskate plana" eskatu izan dizkiete behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari nahiz udalei herrietan egindako mobilizazioetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide