200 lagun inguru bildu dira Sarek presoen eskubideen alde deitutako elkarretaratzean

Anartz Izagirre 2021ko urt. 9a, 18:58

Bidea gara lelopean hainbat azkoitiarrek euskal presoen eskubideak defendatu dituzte gaur, zapatua, plazan. Besteak beste, espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatu dute bertan.

Osasun krisia dela eta, ezohiko mobilizazioa deitu du aurtengoan Sarek, eta presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoia egin beharrean, Euskal Herriko hainbat herritan kontzentrazioak, manifestazioak eta bestelako ekitaldiak egin dituzte; guztira, 238 herritan. Azkoitia ere ez da salbuespena izan, eta antolatzaileen arabera 200 herritar inguruk bat egin dute Sarek deitutako Bidea gara mobilizazioarekin, plazan.

Gaurkoan espetxe politika "behin betiko amaitzea" eskatu dute kontzentrazioan. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz", adierazi dute Sareko kideek elkarretaratzearen amaieran.

Bestalde, Sareko kideek garrantzitsutzat jo dituzte Frantzian eta Espainian azken hilabeteetan egin dituzten aldaketak; besteak beste, Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasuna eta Espainiako Estatuan dauden presoen lekualdatzeak zein gerturatzeak. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badakigulako zer ibili, baina badugulako ibiltzeko bidea ere", azaldu dute.

Amaitzeko, sei eskari zehatz egin dituzte:

  • Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  • Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  • Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  • Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  • Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  • Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide