Azken bi egunetan bost positibo hauteman dituzte Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 7a, 14:42

Uneotan 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 150,21ekoa da herrian. Bestalde, Gabonen ondorioa erruz nabaritu da eskualdean, eta 63 kasu zenbatu dituzte azken bi egunetan; gehienak, Zarautzen eta Zumaian.

Azken bi egunetako datuak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: 63 kasu baieztatu ditu eskualdean. Azkoitian bost kasu hauteman ditu Osasun Sailak azken bi egunetan —bat herenegun eta lau atzo—, eta une honetan, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 150,21ekoa da herrian, eskualdeko baxuenetarikoa. Dena den, atzoko datuei erreparatuta, kasu positiboen igoera baiezta daiteke.

Bestalde, Gabonen ajea igartzen hasi dira Zumaian. Aurreko egunetan zortzi kasu izan zituzten herri honetan, baina inor gutxik esperoko zuen hurrengo bi egunetan 23 kasu zenbatuko zituela Osakidetzak Zumaian: 18 herenegun eta beste bost atzo. Azken zazpi egunetan 43 kasu izan dituzten herrian. Positiboek izan duten hazkunde honi esker, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 478,27ra igo da; horitik laranjara pasa da, eta laranja gorri kutsua hartzen ere hasi da.

Zarauzko semaforoa hori kolorean mantentzen da oraingoz, nahiz eta azken bi egunetan hogei positibo izan dituzten: hamarna asteartean eta asteazkenean. 37 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean. Kasu metatuen tasa 261,28koa da Zarautzen.

Aizarnazabalen, berriz, gaur hasi dute baheketa. Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste zazpi kasu izan dituzte azken bi egunetan bertan —sei asteartean eta bakarra asteazkenean—. Kasu metatuen tasak gora egin du, eta 6762,03an kokatzen da egun. Eskualdeko gainontzeko herrietako positiboen kopuruak, berriz, honakoak dira: Orion lau, Azpetian hiru eta Getarian bat. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, aldiz, ez dute kasurik izan azken egunotan.

640 positibo, Hego Euskal Herrian

Olatuak ez du baretzeko itxurarik Hego Euskal Herrian ere. 640 positibo zenbatu zituzten Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun zerbitzuek atzo. 73 kasu izan ziren Araban, 131 Gipuzkoan, 139 Nafarroan eta 290 Bizkaian. Ospitaleratutakoei dagokionez, 33 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUn, berriz, 72 pertsona zeuden atzo.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide