17,1 milioi euroko aurrekontu orokorra onartu du Azkoitiko Udalak datorren urterako

Nerea Uranga 2020ko abe. 31a, 09:51
Atzo, udalbatzarra, 2021eko aurrekontu orokorraren inguruko bozketa. (Nerea Uranga)

EAJren, Azkoitia Bairen eta PSE-EEko aldeko botoekin onartu dira 2021eko aurrekontu orokorrak; EH Bildukoak abstenitu egin dira. 17.171.284 eurokoa da hori, eta Azkoitiko Udalaren, Zubiaurre-Elkargunearen, San Jose egoitrzaren eta Azkoitia Lantzen SAren aurrekontuak biltzen ditu. Azkoitiko Udalaren aurrekontu propioa 15.245.000 eurokoa izango da.

Azkoitiko Udalak ezohiko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, eta besteak beste, datorren urteko kontuak landu eta onartu zituzten udal ordezkari politikoek. 2021erako 17.171.284 euroko udal aurrekontu orokorra onartu du EAJkoen, Azkoitia Baikoaren eta PSE-EEkoaren aldeko botoekin; EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ziren. Aurrekontu orokorrak biltzen dituen kontuak dira: Azkoitiko Udalaren aurrekontu propioa (15.245.000 euro), Zubiaurre-Elkargunea (896.000 euro), San Jose egoitza (68.300 euro) eta Azkoitia Lantzen (1.862.284 euro).

Aurtengo udal aurrentu orokorra baino pixka bat altuagoa izango da datorren urterako onartu dutena, Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak azaldu bezala;17.051.551 eurokoa da aurtengorako onartuta zutena. Azkoitiaren hitzetan, 2021erako onartutako aurrekontua "errealista, arrazoizkoa eta COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko beharrezkoa" dena da. "Orain dela urtebete pentsaezina zen eszenatoki berri honetara egokitu behar izan dugu. Diru sarrerak murrizten direnean proiektu handiei jarraipena ematea erronka bat da. Horregatik, esku artean ditugun proiektuekin segitzeko zenbait neurri hartu ditugu, besteak beste, zorpetzea. Hori, ordea, zuhurtzia finantzarioa irizpide hartuta egin dugu. Arazorik gabe amortizatu dezakegu zorra gauden egoeran, eta hori da modu bakarra Floreagako irisgarritasun proiektua edota igerilekuak handitzea aurrera eramateko. Baliabide ekonomikorik ezean, ez baitako proiekturik". Azkoitiak nabarmendu du, oinarriak jarri dituztela "herritarrengandik jasotako eskaerak eta hartutako konpromisoak betetzeko".

Udalak 2.527.757 euroko gerakina du eta horri gehitu behar zaio aurten eskatutako 1.800.000 euroko mailegua. Azkoitiak azaldu du, aurtengo mailegu horrek abian dituzten proiektuetan aurrerapausoak ematea ahalbidetuko duela. Datorren urtean, berriz, bigarren mailegu bat eskatuko du udalak —aurrekontuetan jaso dutena— eta hori 1.242.140 eurokoa izango da.

Alderdien artean adostasun zabala

Ogasun zinegotziak azpimarratu zuen udal alderdien artean aurrekontuak lantzeko eta denen proposamenak biltzeko ahalegina egin dela, eta horrek hainbat kontutan adostasun zabala egotea ahalbidetu duela. "Alderdi guztion ekarpenak txertatzen saiatu gara, bai gobernu kide dugun PSE-EEren kasuan, baita EH Bilduren eta Azkoitia Bairen kasuan ere. Abiapuntu gisa, alderdi sozialistarekin landu genuen datorren urteko aurrekontuaren lehen proposamena, haren ekarpenak gehituz, besteak beste, hilerriko irisgarritasuna hobetzea, gizarte laguntzak berrikustea edo parke bio-osasungarria eraikitzea. Gero, beste alderdiekin izandako bilerek ere beren emaitza eman dute. EH Bilduk egindako ekarpenen artean, ia guztiak arrazoizkoak iruditu zaizkigu eta txertatu egin ditugu aurrekontuan, diru partidak egokituta. Ingurumen lanetarako partida gehitu dugu eta landa eremuetan taxi zerbitzua eskaintzea adostu. Memoria historikoa lantzea ere onartu dugu, baita ostalaritzari zuzendutako dirulaguntza bat ezartzea ere", azaldu zuen Ogasuneko zinegotziak.

Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen Sailak ematen dituen dirulaguntzen inguruko azterketa sakon bat egitea edota kultur elkarte eta eragileen artean parte hartze prozesu bat garatzea ere jaso dituzte datorren urteko udal aurrekontuan, Azkoitia Bai alderdiak proposatuta.

Ondorioz,  2021eko udal aurrekontuak alderdi bakoitzak bere sentitzeko modukoak direla azaldu eta alderdi guztiek ekarpenak egiteko izandako prestutasuna eskertu zuen Azkoitiak: "Lanketa bat egin dugu alderdi politiko bakoitzak ikus eta senti dezan bere ukitua badutela 2021eko aurrekontuek eta guztion artean atera behar ditugula proiektu hauek aurrera herritarren eta herriaren onerako. Eskerrak eman nahi dizkiet ordezkari politiko guztiei akordiorako erakutsitako prestutasunagatik".

Zubiaurre Elkarguneko eta San Jose egoitzako aurrekontuak aho batez onartu zituzten atzo. Azkoitia Lantzenen aurrekontua, berriz, EAJ eta PSE/EE alderdiek onartu zuten, EH Bildu abstenitu egin zen eta Azkoitia Baik kontra bozkatu zuen.

Azkoitiko Udalaren aurrekontuak sailez sail:

Inbertsioetarako asmoak

Datorren urteko udal aurrekontuan inbertsioetarako 975.100,00 euro aurreikusi dituzte. Besteak beste, San Martin auzoko, San Jose egoitzako eta hilerrirako irisgarritasuna nola hobetu daitekeen ikusteko azterketak egingo ditu udalak. Interneteko sarea landa eremuetara zabaltzeko 100.000 euro aurreikusi dituzte. Diru kopuru berdina, 100.000 euro, aurreikusi dituzte argiteria publikoan LED argiak jartzen segitzeko. Halaber, 250.000 euro bideratuko ditu udalak herriko espaloiak eta kaleak berritzeko. Skate, parkour edo kalistenia diziplinak praktikatzeko aurreikusitako parkea berreskuratu du datorren urterako egitasmoetan, eta parke bio-osasungarria bat eraikiko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide