Kasu positiborik ez dute atzeman Azkoitian

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 29a, 15:25

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratutako txostenaren arabera, hamabost kasu positibo atzeman zituzten atzo Urola Kosta eskualdean. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 8.398 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta 449 kasu positibo antzeman zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratutako azken txostenaren arabera, hamabost kasu zenbatu zituzten atzo Urola Kostako udalerrietan egindako PCR eta antigeno probetan. Azkoitian ez zuten kasu berririk atzeman atzo, eta eremu gorritik laranjara igarota dagoenez, tabernak eta jatetxeak zabaltzeko aukera dute gaurtik aurrera.

Eskualdean, Zarautzen atzeman zituzten kasu positibo gehien atzo: sei kasu. Lau kasu izan ziren  Azpeitian atzemandakoak, eta udalerri horretako  intzidentzia tasa metatua 551,31koa da gaur gaurkoz. Azken bost egunetan hamasei dira herri horretan zenbatutako kasuak, eta197,42 da Zarauzko intzidentzia tasa metatua. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu zenbatu zituzten atzokoan. Astebeteko epean bederatzi izan dira herri horretan atzemandako kasuak.

Zestoan, Orion, Errezilen, Beizaman eta Aian ere ez zuten positibo berririk zenbatu atzokoan. 

Zumaian eta Getarian, berriz, kasu bana detektatu zituzten atzo. Hala ere, datuen bilakaera ona dela esan daiteke, aurreko bost egunean ez baitute positiborik atzeman bi herri horietan.

Positibotasun tasak behera

Guztira, 6.606 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 347 pertsonak eman zuten positibo. Bizkaian 150 izan ziren zenbatutako kasuak, Gipuzkoan 130, eta Araban 62. Hiru lurralde horietan 32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 81 gaixo daude ZIUetan. Hiru lurralde horietan emaitza positiboen ehunekoa 5,3koa da.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 1.792 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 102 pertsonak eman zuten positibo. COVID-19aren ondorioz hildako bi pertsona izan ziren atzo Nafarroan. Gaur-gaurkoz 139 gaixo daude ospitaleratuta lurralde horretan eta hemeretzi pertsona ZIUetan. Nafarroan, emaitza positiboen ehunekoa %5,7koa izan zen atzo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide