Azkoitia eremu gorritik laranjara igaro da, ostalaritza irekitzea ahalbidetuz

Nerea Uranga 2020ko abe. 28a, 14:02

Eusko Jaurlaritzak gaur atera duen ebazpenaren arabera, Azkoitia eremu gorritik laranjara igaro da, eta herriko ostalaritzako establezimenduek irekitzeko aukera izango dute. Hala ere, eremu gorriko 500eko intzidentzia metatuko tasatik gertu dago herria: 425,39ko intzidentzia tasa du. Azken lau egunetan, kasu bakarra atzeman dute Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzak gaur atera duen ebazpenaren arabera, Azkoitia eremu gorritik laranjara igaro da eta ostalaritzako establezimenduak ireki ahalko ditu; 425,39ko intzidentzia tasa du. Azken lau egunetan, abenduaren 24tik 27ra artean, kasu bakarra atzeman dute herrian. Kasu hori atzo, igandea, egindako probetan hauteman dute.

Urola Kostan, ordea, Errezilen ostalaritza itxi egin beharko dute gaur Jaurlaritzak ateratako ebazpenaren arabera; 636,94ko intzidentzia tasa da udalerri horretakoa. Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du 571,24ko intzidentzia tasarekin.

Abenduaren 23tik gaur arte ez du herriz herriko datuen berririk eman Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur argitaratutako datuen arabera, azken lau egunetan (abenduaren 24tik 27ra artean) 43 kasu positibo atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean. Kasu gehien hauteman zituzten eguna abenduaren 24a izan zen, hamabost kasurekin. Udalerrika, berriz, azken lau egunetan Azpeitian atzeman dituzte kasu gehien: hogei. Kasu horien erdiak, hamar, abenduaren 24an hauteman zituzten; abenduaren 25ean hiru kasu izan ziren, 26an bost eta atzo bi.

Eskualdeko gainontzeko udalerrietako datuak honakoak izan dira azken lau egunetan: Zarautzen hamar kasu atzeman dituzte; azken hiru egunetan, hiruna. Aizarnazabalen, berriz, bost kasu izan dira eta Aian lau. Abenduaren 24an kasu bana atzeman zituzten Errezilen eta Zestoan, baina atzo arteko beste egunetan ez zuten kasurik izan bi udalerri horietan. Orion ere kasu bakarra izan da egunotan, herenegun. Zumaian, Getarian eta Beizaman ez dute kasurik atzeman.

5.751 test diagnostiko egin zituzten atzo, igandea, Hego Euskal Herrian eta 358 kasu positibo atzeman zituzten: Araban 49, Bizkaian 151, Gipuzkoan 94 eta Nafarroan 60. Positibotasun tasak, berriz, %6tik gorakoa izaten jarraitzen du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 83 gaixo daude ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide