Positibotasun tasa ehuneko seitik jaitsi egin da

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 27a, 13:59

Herenegun baino hamahiru kasu positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo, larunbata, Hego Euskal Herrian. Ostiralean baino proba gehiago egin zituzten eta positibotasun tasa jaitsi egin da. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan gaur hasi dute COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina.

Koronabirusa gidari duen eguneroko goitibehera honetan, behera egin zuten atzo, larunbata, atzemandako positiboen kasuek Hego Euskal Herrian. 298 kasu baieztatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Bezperan baino hamahiru kasu gutxiago dira; azpimarratu behar da, baita ere, herenegun baino PCR eta antigenoen proba gehiago egin zituztela (5.556, atzo, 4.858, herenegun), eta horrek izan du eragina positibotasun tasan. Herenegun %6,4ko positibotasun tasa izan zen; atzo, berriz, %5,6koa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 226 positibo atzeman zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian izan ziren kasu positibo gehien, 111; Gipuzkoan, 71 –bezperan baino zortzi gehiago–, eta Araban, 40. 23 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta 86 lagun zeuden atzo ZIUn, bezperan baino bi gehiago.

Nafarroan, berriz, 72 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino 11 gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman. 

Txertaketa martxan

COVID-19aren aurkako txertatze kanpaina hasi dute dagoeneko Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Gaur jaso dituzte lehen dosiak, eta lurralde bakoitzeko adineko egoitza banatan banatuko dituzte gaur; egoitza horietako zenbait egoiliarrek eta langilek hartuko dituzte lehen txertoak. 405 emango dituzte gau Gasteizko Ajuria egoitzan, Elorrioko (Bizkaia) laguntza zentroan eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Caser Betharram adinekoen egoitzan. Txertaketaren kanpainaren barruan, astero 16.000 txerto jartzeko asmoa azaldu du Eusko Jaurlaritzak, 193.000 dositara iritsi arte. Txerto horrek bi dosi behar ditu, eta bigarrena laurrenekoa hartu eta 21 egunera jarriko diete.

Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu beste egoitzetan noiz jarriko dituzten txertoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide