Positibotasun tasak gora egin du Hego Euskal herrian

Nerea Uranga 2020ko abe. 26a, 14:31

311 positibo kasu atzeman dituzte zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 4.858 test diagnostiko egin ostean. Positibotasun tasa %6,4ra igo da. Astelehenera arte herriz herriko daturik ez du emango Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek jakinarazi dituzte koronabirus kasuen inguruko azken orduetako datuak. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 331 kasu positibo atzeman zituzten atzo, ostirala. Herenegungoa baino kopuru txikiagoa (514 kasu) da, baina atzo test diagnostiko kopuru gutxiago egin zituzten: 9.165 test egin zituzten ostegunean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan eta 4.858 atzo.

Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.686 test diagnostiko (7.217 herenegun) egin zituzten atzo, eta 228 kasu positibo hauteman zituzten. Positibotasun tasak, ordea, gora egin du, %6,2koa da atzoko datuen arabera (%5,7koa, ostegunean).  Atzo ere Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien, 123; Gipuzkoan 63 kasu izan ziren eta 42 Araban.

COVID-19aren ondorioz, 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako erietxeetan eta ZIUetan 84 gaixo daude gaur-gaurkoz.

Nafarroan 83 kasu atzeman zituzten atzo egindako 1.172 PCR eta antigenoen probetan. Positibotasun tasak ia bi puntu gora egin du lurralde horretan: %7,1ekoa izan zen atzo eta %5,3koa herenegun. COVID-19aren azken egunetako garapen epidemiologikoa kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak urtearen bukaerarako neurriak ez dituela arinduko azaldu du, eta besteak beste, etxeratze agindua 23:00etan mantenduko du.

Bihar, aurreneko txertoak

Eusko Jaurlaritzak bihar, igandea, abiatuko du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina. Adinekoen hiru egoitzatan jarriko dituzte bihar txertoak: Araban Ajuria egoitzan, Bizkaian Elorrioko Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan eta Gipuzkoan Hondarribiko Caser Betharram egoitzan. Dagoeneko, hasita daude egoiliarrek txertoa hartu ahal izateko baimen agiriak sinatuta jasotzen egoitzaz egoitza.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide