Ziurgabetasuna gorabehera, hezkuntzak aurrera

Anartz Izagirre 2020ko abe. 22a, 09:30
Azkoitia BHIren eraikina.

Maxixatzenek ikasturtearen lehen hiruhilekoaren balorazioa eskatu die Azkoitiko hezkuntza zentroei. COVID-19a dela-eta klaseak emateko modua aldatu dute denek, eta PCR eta antigeno probetan positibo eman duten kideekin protokolo berezia ezarri behar izan dute. Kontuak kontu, balorazio baikorra egin dute gehienek.

Ikasturtearen hasiera. Iraila hastearekin batera ez zegoen beste konturik herritarren ahoetan —ikusi hemen Erlo Telebistak ikasturte hasieran egindako bideoa—, eta agintarien neurriak ezagutu aurretik ziurgabetasuna eta egonezina zen nagusi hezkuntza zentroetan zein familietan. Halere, osasun eta segurtasun neurriak aintzat hartuta klase presentzialei ekin zieten Azkoitiko ikastetxeek, eta oztopoak oztopo, urte amaierara bitartean aurrez aurreko klaseei eustea lortu dute denek, nahiz eta unean uneko kasuek ikasgeletan egokitzapenak egitera behartu dituzten.

Floreaga Ikastetxea

Koldo Gurrutxaga Floreaga Ikastetxeko zuzendariak hiruhilekoaren balorazio "baikorra" egin du, eta nabarmendu du ikasleen, irakasleen eta gurasoen elkarlanarekin koronabirusari aurre egitea lortu dutela: "Txalotzekoa izan da denen jarrera. Egia da kudeaketa konplexua izan dela, eta ikasturte hasiera estresagarria izan da; halere, guztien elkarlanaren laguntzaz erronkei aurre egitea lortu dugu".

Gurrutxagaren esanetan, aurreikusi ezin ziren egoera asko izan dituzte Floreagan: "Egunak igaro daitezke kasurik gabe, eta bat-batean kasuak agertzen dira eta segurtasun protokoloa martxan jarri behar duzu. Zaila izan da hori kudeatzea". Aurrez aurreko klaseak jarraitu ezin izan dituzten ikasleekin telematikoki jardun dira irakasleak lanean, eta hasieran ikasleei zein irakasleei arraroa egiten bazitzaien ere, "ohitu" egin direla aitortu du zuzendariak.

Urte berriaren atarian, Gurrutxagak dio orain arteko jarraibideekin segitu behar dela: "Garbi izan behar dugu ezin garela erlaxatu. Urtarriletik aurrera ere orain arte bezala jarraitu behar dugu, neurriak betetzen eta elkarlanean".

Xabier Munibe Ikastola

Marijose Zubia Xabier Munibeko zuzendariak ere hiruhilekoaren balorazio "oso positiboa" egin du. Zuzendariaren esanetan, ikasleak "txapeldunak" izan dira ikastetxeak ezarritako neurrietara egokitzerakoan, eta protokoloak "funtzionatu" egin duela nabarmendu du: "Ikastolan egon diren kutsatzeak kanpotik etorritakoak izan dira, eta ikastetxe barruan ez da transmisiorik egon zorionez. Horrek adierazten du protokoloak funtzionatu duela eta ikastolako komunitate osoak lan handia egin duela guztia aurrera eramateko".

Zubiaren arabera, kontingentzia plana gauzatzerakoan garrantzitsua izan da ikastetxerako sarrera desberdinak izatea, burbuilak ondo errespetatzea eta jangela bi eremutan banatzea. Era berean, zuzendariak adierazi du plan horren bitartez San Martin eguna, Euskaraldia eta Olentzeroren ongietorria ospatu ahal izan dituztela ikastolan.

Azkoitia BHI

Jon Osinalde Azkoitia BHI institutuko zuzendariak ere hiruhilekoaren balorazio "baikorra" egin du. Haren esanetan, "beldurtuta eta ziurgabetasun handiarekin" hasi zuten ikasturtea: "Kontuan hartu behar da 550 ikasle genituela bi eraikuntzatan sartzeko". Kontingentzia plan "sendoa" egin zutela azaldu du Osinaldek, eta denbora pasatu ahala plana "orrazten" joan zirela, momentuko egoerara egokitzeko: "Denboraren poderioz ikusi dugu ezarri genituen neurriak egokiak zirela eta funtzionatu egin dutela. Irailean gustura sinatuko genukeen urte bukaerara heltzea, eta lortu dugu, nahiz eta hobetzeko kontuak izan baditugun".

Azkoitia BHIn ere klaseak egokitu egin behar izan zituzten konfinatuta zeuden ikasleentzako; halere, Osinaldek nabarmendu du institutuan ez dela kutsatzerik agertu, eta "gune segurua" izan dela. Etxean bakartuta zeuden ikasleei klaseak bermatzen saiatu direla gaineratu du zuzendariak: "Batzuetan posible izan da, eta beste batzuetan ez".

Bizilore Eskola Aktiboa

Irune Agirregabiria Bizilore Eskola Aktiboko guraso eta kidearentzat, "gogorra" izan zen ikasturte hasiera: "Zaila egin zitzaigun guk hezkuntza ikusteko dugun modua eta agintariek ezarritako neurriak ondo uztartzea. Horri bueltaka genbiltzala, kanpoko espazioetan denbora gehiago pasatzea erabaki genuen". Hala, Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarri ziren Biziloreko kideak, eta Urkomeren bitartez, eskola atarian jartzeko karpa eskuratu zuten. "Ahalik eta denbora gehien kanpoan pasatzen dugu. Horrek aukera ematen digu lasaiago ibiltzeko".

Kasu positiboei dagokienez, kasu bakarra izan dute Biziloren hiruhilekoan zehar, eta asteburuan izan zenez, ikaskideek ez zuten konfinatu beharrik izan: "Biziloren oso murritza izan da koronabirusaren presentzia. Gainera, 39 ume ditugu eskolan, eta eraikin handia dugunez, elkarren arteko distantziak mantentzea errazagoa izan da guretzat".

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa

Lanbide Heziketako ikastetxea izanik, gainontzeko hezkuntza zentroetan baino praktika ordu gehiago dituzte Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan. Eduardo Sudupe zuzendariaren esanetan, tailerretako ordutegiak moldatu behar izan dituzte hiruhileko honetan, kutsatzeak saihesteko: "Egun berean tailerrean talde desberdinak egon zitezen eragotzi nahi genuen; beraz, egun bakoitzean talde bati egokitu zaio tailerra, eta, ondoren, hurrengo egunerako desinfektatu egiten genuen". Sudupek dio neurri zorrotzak hartu dituztela ikastetxean: "Tenperatura hartzen dugu egunero, burbuilak sortu ditugu talde desberdinak ez nahasteko eta atsedenaldiak ere banatu egin ditugu".

Zuzendariaren esanetan, ikastetxean positiboak izan dituzten kasuetan moldatu egin dituzte klaseak, telematikoki emateko. Horrez gain, duela aste batzuk aste digitala egin zutela azaldu du Sudupek: "Simulakroa egin dugu ikastetxean eta ikasleek astebetez etxetik jarraitu dituzte ikasgai teorikoak, datorren egoera edozein dela ere prest egoteko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide